Sarritan joan behar izaten duzu kanpora lanera?
Egia esatearren, gero eta gehiago joan behar izaten dut Euskal Herritik kanpora lanera. Azken finean, muntatzaile jarduten dut Arrasateko enpresa batean, eta, hala, makinak muntatzera edo konpontzera kanpora bidaltzen naute.
Bidaiatzea gustuko duzu?
Bai, asko. Txikitatik izan dut gurasoekin bidaiatzeko zortea, eta orain lagunekin eta bikotekidearekin ere bidaiatzen dut. Lanerako ere sarritan joaten naiz, eta, tira, gutxienez domeketan leku berriak ikusteko aprobetxatzeko erabiltzen dut.
Ikasitakoan diharduzu gaur egun?
Mekatronikako ikasketak egin ditut, Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean, eta gaur egun horretan dihardut lanean, Fagor Arrasaten.
Musikan ere murgilduta zaude; autodidakta zara?
Musikan hasi nintzen duela urte dezente. Gitarra jotzen ibili nintzen zortzi urtez, eta solfeoa ere egin nuen; titulua ere badaukat. Kar-kar. Baliteke horrek zerbaitetarako lagundu izana, baina autodidakta izan naizela esango nuke; DJ munduan hasi nintzenean, bereziki.
Kontzertuak ala kontzertu osteko parrandak, zer duzu nahiago?
DJ mundua badakizu nolakoa den; kar-kar. Biak gustatzen zaizkit, ez nintzateke bakarrarekin geratuko. Tira, hobeto pentsatuta, kontzertua ondo ateratzen den osteko parrandako sentsazioa oso ona izaten da; kar-kar. Hala ere, kontzertuak ematea oso gustuko dudan zerbait da; eta, are gehiago, gustuko duzun hori lagunekin egitea. Sekulako esperientzia izaten da.
Tokatu zaizu kanpora bidaiatzera joan eta DJ ibiltzea?
COVIDa zela eta, ez nuen Erasmusen joateko aukerarik izan; hortaz, nire kabuz Mexikora joatea erabaki nuen. Tulum-en egon nintzen, lau hilabetez, boluntariotza egiten ostatu batean. Musika elektronikoa asko entzuten den toki bat da, eta lortu nuen hiru edo lau kontzertu ematea; izugarria izan zen.
Jende askoren aurrean kontzertuak emandakoa zara; sold out (sarrerak agortzea) delakoa egin duzu?
Norbere kontzertuetan sarrera guztiak agortzea polita da; izan ere, horrek esan nahi du jendeak gustuko duela emanaldietan egiten duguna. Gure lehenengoa Bartzelonan izan zen; Razzmatazz aretoan, hain justu ere. Tattaren disko berriaren aurkezpen-birako kontzertu bat egin genuen han, eta dena bete-beteta egon zen.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Arroza.
Bidaiatzeko toki bat? Latinoamerika.
Lanerako festibal bat? Edozein.
Abesti bat? Deep Purple taldearen Smoke on the water.
Bidaiatzeko modua? Hegazkinez.
Aramaioko toki bat? Eguzkierripa.