Arabako haur eta gaztetxoek norbere herritik gertuko lagun berriak egin, bertso munduan murgildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute beste urte batez, Gorbeialdeko Bertso-Abenturan. Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrillekin eta Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Oingo Udalekin elkarlanean antolatu dituzte bi egonaldiak.
Udaberriko oporraldian, bi txandatan gozatu ahal izango dute 2013an eta 2014an jaiotakoek (2012an jaiotakoek, bertso-eskolan parte hartzen badute). Lehen egonaldia apirilaren 22tik 24ra bitartean izango da, eta bigarrena, apirilaren 24tik 26ra.
Plaza kopurua mugatua da eta, beraz, ekintza babesten duten udalerri eta Kuadrilletako parte-hartzaileek lehentasuna izango dute izena ematerako orduan, bigarren irizpidea izen-ematearen ordena izango da. Izen ematea bera online galdetegia beteta egin ahal izango da, martxoaren 27a baino lehen.
Prezioa 50 eurokoa da antolatzaile diren Kuadrilla eta Udaletako parte-hartzaileentzat, eta gainerakoentzat 70 eurokoa. Izen-ematea onartutakoan ordainketa gutuna helaraziko da posta elektronikoz.