Beste urte batez antolatu du ipuin eta mikroipuin lehiaketa Aramaioko Txirritola Elkarteak. Herritarrei zuzendua da, eta gaia librea bada ere, euskarazkoak eta argitaratu gabeak izatea da baldintza. Ipuinen kategorian LHko ikasleek hartu ahal izango dute parte –lehen ziklokoak, taldeka; bigarren eta hirugarrengokoak, banaka–; mikroipuinen kategoria, aldiz, nerabe, gazte eta helduendako izango da.
Lanen luzerari dagokionez, mikroipuinak 100 hitzetakoak izan ahalko dira gehienez ere. Ipuinen kasuan, LHko lehen zikloko ikasleen kontakizunen luzera librea da; LHko bigarren ziklokoen kasuan, orri batekoa, eta LHko hirugarren ziklokoendako, berriz, bi orrikoa.
Epaimahaiaren balorazioa
Antolatzaileek adierazi dute lanek gutxieneko kalitaterik ez badute, sariak hutsik uztea erabaki dezakeela epaimahaiak.
Halaber, baloratuko dute euskaraz zuzen idatzita egotea –euskara batuan edo euskalkian– eta originaltasuna.
Entrega datak
Ipuinak nahiz mikroipuinak liburutegian aurkeztu behar dira eta horretarako azken eguna apirilaren 11 izango da. Karta-azal handi batean sartuta aurkeztu beharko dira; gainera, Txirritola ipuin lehiaketa jarrita, eta barruan egilearen datuekin: izen-abizenak, jaiotze-data eta telefonoa edo e-maila.