Bea Asurmendik etxean egingo du 'Asteartea' diskoaren aurrestreinaldia

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 21a, 08:25

Bea Asurmendi. (Argazkia: I.C.).

Bea Asurmendik maiatzean argitaratuko du lan berria, Asteartea izenburupean, eta eguenean aurrestreinaldiko kontzertua emango du kultur etxean, 19:00etan hasita; hala, gaur, diskoan entzun daitekeen Enodia kantuak argia ikusi du.

Bea Asurmendik maiatzean kaleratuko du Asteartea izeneko diskoa, eta aurrestreinaldiko kontzertua emango du Aramaion martxoaren 27an 19:00etan, kultur etxean. Jaioterria aukeratu du horretarako. "Ia 12 urte dira Londresen bizi naizela. Berezia zen nire jaioterrian aurrestreinaldi berezi bat egitea, nire sustraiak direlako", adierazi dio abeslariak GOIENAri. Sarrerak salgai daude, hiru eurotan, udaletxean eta online. Edukiera mugatua izango da eta jasotako dirua musika etxera bideratuko du. Era berean, egun bat geroago, berriz, Donostiako Tabakaleran arituko da, 21:00etan.

Londresko Fish Factory eta Crowshed estudioetan grabatu du diskoa, eta jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abesti hunkigarriek osatzen dute lana. Haren bizitza nabarmen markatu zuen emakumeen talde batean izandako esperientzia eraldatzailean daude inspiratuta abestiak.

Aramaioarrak konposatutako abestiek doluaren, barkamenaren, maitasun propioaren, sonoritatearen eta osasun mentalaren garrantziaren bueltako hausnarketa egiten dute.

'Enodia' abestia

Iaz maiatzean argia ikusi zuen Asteartea diskoaren lehen singlea izan den Otsemeak abestiak, eta gaur bertan estreinatu du diskoan jasota dagoen bigarren kanta, Enodia izenekoa. Kantu horrek "hutsunera salto egiteari eta aukeratzeko nahiz norberaren bizitzaren kontrola hartzeko askatasunari buruzko hausnarketa" egiten duela adierazi du.

"Min ematen diguten kanpoko hitz suntsitzaileak baztertu, gure buruarengan sinetsi eta nork bere bidea eraikitzearen inguruan hitz egiten digu kantak. Nire ahotsaz aparte, gitarra, pianoa, kontrabaxua, kaxoia eta perkusiozko beste instrumentu batzuk daude abestian", gaineratu du aramaioarrak. Gainera, disko osoa eta, ondorioz, Enodia kantua ere zuzenean daude grabatuta, Asurmendiren ahotsa ez ezik, "momentuko magia hori ere kapturatu eta inprobisazioari espazioa" utzi nahi ziolako.

Kolaborazioa Judit Neddermannekin

Judit Neddermann abeslari katalanak Artean diskoa aurkeztuko du gaur, Lugarizko Kultur Etxean (Donostia), eta domekan, Bilboko Guggenheim museoan. Bea eta Idoia Asurmendik eta Olatz Salvadorrek katalanaren lanean parte hartu dute –Izaro eta Maren abeslariekin batera–, eta, hain zuzen, bi kontzertuetan kolaboratuko dute.

Maren, Bea Asurmendi, Judit Neddermann, Idoia, Izaro eta Olatz Salvador. (Argazkia: J.N.),

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak