Apirilaren 5ean Gasteizen jokatuko den Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finalean izango da Paula Amilburu (Aramaio, 1994), Gasteizko Pinto Pintto taldearekin. Joan den domekan Aramaion jokatu zen bigarren finalerdiko irabazle izan zen taldea, eta, momentuz, finalean izango den aramaioar bakarra da, Izena Pentsau Bida 2 taldea eta Bañera FT ez baitira sailkatu. Aramaixoko Taluek taldeak oraindik aukerak ditu finalean egoteko, hilaren 23an Gillernan jokatuko den laugarren finalerdian egongo baitira.
Nola joan zen zuretzako domekako finalerdia?
Oso gustura egon nintzen gure saioan. Txapelketa horrek ematen du apur bat umoretik joateko, eta ez dira hainbeste karrera erretorikodun ariketak. Ipuin bat sortzearena, esaterako, asko gustatu zitzaidan, nahiz eta hasieran nire zalantzak izan nituen. Garrantzitsua zen baita ere prestatuta geneukan agurra ondo irtetea. Gainera, nire taldekoek prestatu zuten koreografia bat ni ez nengoenean, eta gero ikasi behar izan nuen, bost minutuan. Baina hori ondo irtenez gero, beste gorpuzkera batekin hasten duzu saioa.
Rafaela Carraren kantu baten doinu eta koreografiarekin, agurrean esan zenuten Aramaion 30 bertsolari daudela bi metro karratutan.
Agur hori jaio zen nire erbestealdiaren justifikazio batetik [Gasteizen bizi da egun]. Zergatik ez nagoen Aramaioko talderen baten eta zergatik ez naizen bizi Aramaion. Zelanbait, barre egiten Aramaiotik joan izanagatik, eta, agian, horregatik ez daukadala txapelik... Amaia Iturriotz gipuzkoarra ere badaukagu taldean, eta, hainbeste urte goaz giputxien inguruko gauzak esaten, brometan esan genuela txapelketa irabazteko ekarri genuela, baina gure bertso eskolakoa da, eta Arabako Kuadrilla Artekoen baimenarekin.
Aurten lehenengoz Gasteizko talde batekin aurkeztu zara; nolatan?
Aurreko urtean sortu genuen Pinto bertso eskola, eta egin nuen hautu bat laguntza eskatzeko gasteiztar bertsolariei; bestela, Aramaiora astero etortzea txapelketa garaian bi aldiz... zoro samarra zelako. Bertan elkargune bat sortu eta gero batu zen Amaia Iturrioz gipuzkoarra ere taldera, eta oso ondo funtzionatu du eta oso gustura gaude.
Txapelketa hori berezia da zuretzat?
Berezia da taldean egindakoa delako, eta ez da hain sufritua. Bestea hain solemnea eta indibiduala da, hori guztiz kontrakoa da. Gainera, bazkari edo afari bueltan egiten denez, beste giro batean egiten da eta asko eskertzen da talde izaera bat hartzeko. Espero dut Aramaixoko Taluek finalerako sailkatzea, batez ere, gurako nukeelako Aramaioko batzuekin finalean kantatu.
Nola ikusten duzu egungo Arabako bertsozaletasuna?
Uste dut mantentzen dela. Kuadrilla Artekoak bai eragiten du haize fresko bat eta berriro elkartzea eta bueltatzea txapelketetan edo saiotan dagoeneko ez dabilen jendea, eta hori oso ondo dago, urruntzen direnak bi urtetik behin bueltatzen direlako.
Eta zu zein puntutan zaude?
Berriz txapelketarako gogotsu. Orokorrean, esango nuke bertsolarion saio kopurua jaitsi den momentuan denok gabiltzala gutxiago jasotzen, eta ni kantatzeko prest nago, baina dei asko ez dira iristen. Lehen, sartzen ziren bertso saioak leku guztietan, eta orain, zorionez, ez da hori egiten eta saio gutxiago daude. Pandemiak ere eragin du. Eta herrian saio bat antolatzean pentsatzen duzu ekartzea bertsolari on batzuk eta, agian, herriko bat. Ez naiz kexatzen saio gutxiago daudelako, ebidentzia bat da.