Herriko hirugarren bertsolari taldea ezagutzeko eguna da

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 14a, 09:05

Aurreko egubakoitzean ospatu zen bigarren Bertso Egunean, Manex Agirre kantuan.

Arabako Kuadrilla Arteko Bertsolaritza Txapelketaren barruan, Legution aurkeztuko dute gaur, egubakoitza, txapelketan parte hartuko duen Aramaioko hirugarren taldea: Aramaixoko Taluek.

Santa-eske egunean aurkeztu zuten Arabako Kuadrilla Arteko Bertsolaritza Txapelketan parte hartuko duen Aramaioko lehen taldea: Bañera FT. Ondoren, joan zen egubakoitzean Sastiñan aurkeztu zuten bigarrena: Izena Pentsau Bida 2 taldea. Gainera, talde hori ez zen izan oholtzaratu zen bakarra, bertso eskolako gaztetxoenek osatutako Izena Pentsaute Dau taldea ere igo baitzen taula gainera. Bi taldeek elkarrekin egin zuten bertsotan, Olatz Zuazubiskar gai-jartzailearen gaiei erantzunez. Gaztetxoen parte-hartzeak bertsoek etorkizuna ere badutela frogatu zuen Sastiñan. "Gazte asko ikusi ditugu gaur kantuan. Gure ostean jende berria etorriko da, eta pozik gaude", adierazi zuen Eñaut Olaziregik, Izena Pentsau Bida 2 taldeko kideak. Gainera, 50 pertsona inguru bildu ziren bertsoekin gozatzeko.

Eta gaur, egubakoitza, txapelketan parte hartuko duen hirugarren eta azken taldea ezagutzeko eguna da; Legutioko kultura etxean 17:30ean aurkeztuko dute Aramaixoko Taluek.

Aramaixoko Taluek-en txanda

Gorbeialdeko Bertso Eguna ospatuko dute gaur, egubakoitza, Legution, eta han izango da Aramaixoko Taluek taldea ezagutzeko aukera. Hauek dira parte-hartzaileak: Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa, Txomin Abarrategi, Anitz Abarrategi, Hegoi Azkarate, Sabin Abarrategi, Mikel Ruiz de Azua, Unai Etxenausia eta Mikel Ullibarriarana. Legutioko bertso eskolako gaztetxoekin batera egingo dute saioa, eta, hala, Aramaioko talde guztiak aurkeztuta geldituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak