Azken asteetan herriko kaleetan eta Udalak kartelak eta informazioa partekatzeko jarritako espazioetan idatzi anonimoak agertu direla salatu dute egungo eta azken urteetako udal gobernukoek. "Idatzi horietan herritar anonimo batek edo batzuek, ezin dugu jakin, hainbat idatzi kaleratu ditu edo dituzte udalbatza osatzen dugun gaur egungo eta aurreko legegintzaldietako zinegotzi eta alkateen izen-abizenak azpimarratuz", adierazi dute eta hau gaineratu: "Uste dugu ez dela bidezkoa horrelako salaketa gogorrak adieraztea gertakizunen irakurketa partzial batetik eta izen abizenez udalean lanean ari garen herritarrak seinalatuz, aurrez aurre erantzuteko aukerarik eman gabe".
Horren aurrean, adierazi dute herritarrek "zabalik" dituztela udaletxeko ateak eta hemendik aurrera informazioa partekatzeko espazioetan, "inor iraindu dezakeen mezu anonimoren bat agertuko balitz", kendu egingo dela ere adierazi nahi izan dute.