Atzo, domeka, hasi eta otsailaren 9ra bitartean, domekero egingo dituzte patinaje ikastaroak, Maider Unda kiroldegian. Guraso Elkarteak antolatzen duen ekimena da; 2016an antolatu zuten lehenengoz, Aramaion bizi den Agustin Oyanguren bergararrak bultzatuta. Izan ere, Oyanguren Bergarako Burdinola irristaketa klubeko entrenatzailea da, eta hark izan zuen ideiari tiraka, gaur egun ere Burdinolako elkartekoak dira Aramaiora irakasle lanetara joaten direnak.
Herrian errotutako ikastaroa
Oier Kortabarria da egun Guraso Elkarteko kideetako bat eta guraso moduan ikastaroan ere parte hartzen du. Adierazi du "arrakastatsua" izaten dela urtero: "Aurrez landuta dagoen prozesu bat da eta beti harrera arrakastatsua izaten du, aurten 53 parte-hartzailek eman dugu izena". Urte berriarekin batera, urtarrilean eta otsailean egiten dute ikastaroa.
Eta zein da helburua? Patinetan ibiltzen ikastea. Halaxe azaldu du Kortabarriak: "Egia da ume guztiek dituztela patinak etxean, baina gero nor ibiltzen da kaletik patinekin? Patinetan ibiltzen ikastea da helburua. Azkenean gauza asko ikasten ditugu. Begiraleek erakusten dizkigute ariketak konoekin, zig-zaga nola egin, nola frenatu, nola ibili atzeraka… Bukaeran hockey-eko partidu bat ere egiten da stick eta guzti, eta helburua doa bideratuta patinetan ondo ibiltzen ikastera, gero hockey partiduak egin ahal izateko".
Hiru gunetan banatuta
Haur Hezkuntzako hiru urtetako umetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko haur eta gaztetxoei bideratutako ikastaroa da. Gurasoek ere parte har dezakete, eta frontoia hiru gunetan banatzen dute, adinka, askotariko ariketak egiten joateko: "Ikastaroan berez adin tarte bakoitzeko haur eta gaztetxoek ordubeteko edota ordu eta laurdeneko saioak dituzte domekero. Baina egia da, goizetik joaten garela guztiok frontoira eta 10:30etatik 13:00ak bitartean guztiok ibiltzen garela praktikatzen, hiru gunetan banatuta".
Guztiak "gustura" ibiltzen direla adierazi du Kortabarriak eta gaineratu du gero irristaketarekin jarraitu nahi dutenek Bergarako klubera bideratzeko aukera izaten dutela.