Guztia prest daukate gaurko bertso saiorako

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko urt. 10a, 09:33

Bertso saioan parte hartuko duten Alaia Martin, Amets Arzallus, Ane Zuazubiskar eta Gorka Pagonabarraga. (Argazkiak: 'Bertsozale.eus').

Urte berriko bertso saioa egingo dute gaur, egubakoitza, kultura etxean, 20:00etan. Bertan parte hartuko dute Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Ane Zuazubiskarrek eta Gorka Pagonabarragak, eta Sabin barrategik aurkeztuko du aurtengo saioa.

Urte asko dira Aramaioko bertso eskolak eta Udalak elkarrekin Gabonetako bertso saioa antolatzen dutena. Iaz, estreinakoz, urtarrilean egin zuten bertso saio hori, abenduan egin beharrean, eta aurten ere formula bera errepikatuko dute, gaur, egubakoitza, izango da-eta bertso saioa, kultura etxean, 20:00etan hasita.

Saio horretako ezaugarrietako bat da parte hartzen duten lau bertsolarietatik bat Aramaioko bertso eskolako kide dela, eta aurten Ane Zuazubiskar izango da. Lehenengoz abestuko du Gabonetako Aramaioko saioan, nahiz eta arrasatearra "etxeko" bertsolaria izan. Eta harekin batera lehenengoz parte hartuko du saio horretan Gorka Pagonabarraga bertsolariak ere, nahiz eta herrian aurrez abestu izan duen. Eurekin batera oholtzan izango dira Alaia Martin eta Amets Arzallus bertsolari ezagunak.

Aurkezle lanak, berriz, Sabin Abarrategik egingo ditu eta gaiak bertso eskolako kideek pentsatutakoak izango dira. Bertso eskolako kide Xabi Igoak adierazi du azken astean "buru-belarri" ibili direla lan horretan, egubakoitzeko saiorako guztia prest izateko. Gaineratu du eurendako saio "berezia" dela gaurkoa: "Gaurkoa guretzako da urtero Aramaion egiten den aretoko saio bakarra. Azkenengo urte mordoxkan antolatu izan duguna, Udalarekin batera, eta bada berezia, zelanbait, beste mugarri bat delako urtero gertatzen dugun agendan".

Sarrerak bertan salduko dituzte, saioa hasi baino lehen, 5 eurotan.

Santa Agedarako entseguak

Bertso saioaren amaieran, eurendako beste mugarri bat den Santa Ageda batzea iragarriko dute. Bertso eskolakoez gain, Papargorri abesbatzak, Alaiak kantu taldeak eta Trikitixa Elkarteak antolatzen dute elkarrekin, eta otsailaren 1ean, zapatua, aterako dira baserriz baserri kantuan. Bertan parte hartzeko entsegu egunak iragarri dituzte: urtarrilaren 23an eta 30ean egingo dituzte, musika etxean, 19:00etan. Eta otsailaren 1ean bazkaria egingo dute Iturrietan. Bi menu daude aukeran –helduena 29 eurotan eta umeena 16 eurotan–. Eta izena eman beharko da Internet bitartez zabaldu duten formularioa beteta, urtarrilaren 26a baino lehen.

Arabako Kuadrill Artekoa

Horren ostean, otsailean hasiko da Araban Kuadrilla Artekoa, eta Aramaioko bertso eskolako hiru taldek hartuko dute parte aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak