Gaur bertan sartuko da Aramaio Gabon giroan, hainbat ekintza antolatu baititu Aramaioko Udalak herriko eragileekin eta elkarteekin. Olentzero eta Mari Domingi hilaren 24an helduko dira gutunak jasotzera.
Alex Mendikuteren 2023ko argazkiak izenburuko argazki-proiekzioak zabalduko du Gabonetako egitaraua. Kultur etxean izango da, 18:30ean, gaur arratsaldean.
Gabon kanten topaketa, bueltan
Bihar, Gabon kanten topaketa bueltan izango da. Pandemiaren aurretik, Gabon kanten topaketa egiten zuten Aramaioko, Arrasateko, Legutioko eta Otxandioko herriek, baina pandemiaren ostean desagertu egin zen. Hala, topaketa horri keinu eginez, Bizente Goikoetxea abesbatzak, Alaiak Kantuan taldeak eta Mallabiko Mendibil abesbatzak Gabon kantak abestuko dituzte, 18:00etan, kultur etxean.
Talde bakoitzak bosna abesti kantatuko ditu, eta, besteak beste, pandemiaren aurretik egiten zuten moduan, Aramaion "galduta zeuden Gabon kantuak berreskuratuko" dituzte. Horren ostean, kantu-jira egingo dute herrian zehar, plazan hasita, eta sasoi honetako kantuak eta "betiko kantuak" kantatuko dituzte. Gero, luntxa egingo dute, eskolako jantokian.
Hilaren 31n , Alaiak Kantuan taldeak beste kantu-jira bat egingo du, 12:00etan, plazan hasita.
Familientzako jarduerak
Etxeko txikienendako eta haien familiendako ere era guztietako ekintzak antolatu dituzte. Abenduaren 27an, Maite Franko ipuin kontalariak kontatutako kontakizunez gozatzeko aukera izango da, bi hitzordutan: 17:00etan, 3 urtetik gorakoendako saioa izango da; eta 18:00etan, berriz, 6 urtetik gorakoendakoa.
Abenduaren 30erako, 17:00etan, umeendako disko-dantza antolatu dute, kiroldegian; eta urtarrilaren 2an, Puzzlekaxa: 3D Puzzle-kaxak eta buruhausgarriak jarriko dituzte, 5 urtetik gorakoendako.
Urtarrilaren 3an, 7 eta 12 urte artekoek adimen artifizialari buruzko tailerrean parte hartu ahal izango dute; eta urtarrilaren 4an, puzgarriak jarriko dituzte, 17:00etan, kiroldegian.
Beste hainbat ekintza
Abenduaren 26an, 27an, 28an eta 30ean, Debarroko Gabon Txapelketako pilota partidak jokatuko dira, kiroldegian, 10:00etan hasita. Eta urtea ondo amaitzeko, ohi bezala, Orixolera mendi martxa egingo dute, 08:30ean kiroldegitik aterata.