Gazteen beharren proposamenak jasoko ditu Aramaioko Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 19a, 15:21

Urtarrilaren amaierara arte aurkeztu ditzakete gazteen premien eskaerak 15 eta 26 urte arteko aramaioarrek.

Zortzi gaztek hartu zuten parte Aramaioko Udalak astelehenerako deitu zuen gazteen beharrak identifikatu eta aurrera begirako lanketa bat egiteko lehenengo pausoak emateko bileran. Horri lotuta, gazte lokalaren itxieraren gaia zegoen, eta Udalak aurreratu du aurrez behin baino gehiagotan jaso dituztela gai horren bueltako galderak.

Aramaioko Udalak adierazi du gazteen beharretan jarri zutela arreta, eta, gazte lokalaz hitz egiteaz gain, kanpo espazioak izan zituztela hizpide; besteak beste, herriko puntu zehatz batzuetan –plazetan, batik bat– bankuak jartzea eta haien kokapena.

Espazioen erabilera jomuga

Halaber, bertaratutakoek jakin-mina zuten ea zer gertatuko den gazte lokalarekin, eta Udalak erantzun irmoa eman zuen; adierazi zuen Udalak utzitako espazioen eta espazio publikoen helburuak ez dutela ikusten erabilera pribaturako izan behar duenik. Horri gehitu diote herriko talde eta eragileek espazio horien erabilera herrian edota gizartean ekarpena egiteko izaten dela. Hain zuzen ere, Udalak dio gazte lokalaren bideak ere horrek izan beharko lukeela.

Proposamenak

Udalak jakinarazi du datozen asteetan beharren proposamenak jasotzeko bidea zabalduko diela, urtarrilaren amaierara arte, 16 eta 25 urte arteko herritarrei. Eskaera horiek udaletxean bertan aurkeztu edo udala@aramaio.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.

Gazte lokala, itxita

Duela 20 urte baino gehiago zabaldu zuten gazte lokala, kultura etxearen eraikinaren azpialdean. Azkenengoz, azaroaren hasieran itxi zuen, "behin-behinean", gazte lokala Aramaioko Udalak. Orduko hartan, Udalak jakinarazi zuenez, su-itzalgailuen eta su-sistemen azterketarekin lotuta Udalean teknikariek aurkeztutako partea eta bidalitako irudiak baloratu zituen udal taldeak. Orduan hartu zuten gazteen lokala ixteko erabakia, osasun eta segurtasun neurriak betetzen ez zirela ondorioztatu baitzuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak