Aurten 25. urtez antolatu du Gorbeialdeko Kuadrillak Kulturgura izeneko lehiaketa. Aramaio.eus webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute lehiaketan parte hartu nahi dutenek, hilaren 23ra arte, eta erantzun zuzenak ematen dituztenak sartuko dira hilaren 30ean egingo duten zozketan.
Zazpi galdera erantzun behar dira, eta lehiaketako galderetako bat da, esaterako, Aramaioko zein auzotan dagoen Torrealdeko dorrea, eta lau aukera jarri dituzte: Uribarri, Untzilla, Barajuen edo Gantzaga. Parte hartzen dutenek era horretako galderen erantzun zuzenak jartzen saiatu beharko dute.
8 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute eta galdetegia udaletxean bertan edo Kuadrillan entregatu beharko da. Erantzun guztiak zuzen dituztenak sartuko dira zozketan, eta lau sari egongo dira: 100 euroko bi bonu kirol materialean gastatzeko eta 100 euroko beste bi bonu liburu-denda batean gastatu ahal izateko.