Eskolako aterpea nola txukundu erabakitzeko helburuarekin, bilera deitu zuen Aramaixo Herri Eskolak, eta bertan izan dira Gazte Asanbladako bi kide –nahiz eta hirugarren bat ere prest dagoen ondorengo bileretara joateko–, hiru guraso eta hiru ikasle. Irakasle batek gidatu zuen saioa, eta adierazi dute "oso emankorra" izan dela.
Hiru konpromiso
Mahai gainean jarri zuten egungo egoera –grafitiak eta pintaketak daude eskolako aterpeko paretetan eta lurrean–, eta adostu dutena da eskolako aterpeaz gain eskolako kantxa eta eskola atzeko horma ere txukundu eta margotu behar direla. Hori egiteko, herriko artistekin egongo dira hilabete honetan, eurekin hitz egin eta euren iritzia, proposamenak eta aholkuak jasotzeko. Azkenik, prozesu parte-hartzaile bat izango dela zehaztu zuten.
Ikasleek jaso zuten guztia aktan, eta hurrengo pausoa izango da herriko artistekin egon ostean berriro elkartzea, eta zein aukera dauden aztertuko dute.