Adifek AHTren obrek kaltetutako errepideak konponduko ditu Aramaio parean 3,7 milioi eurotako kontratuarekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko aza. 22a, 11:33

Lanak egingo diren hiru eremuak.

Lanak egiteko 12 hilabeteko epea izango dute eta proiektuak hiru eremu egokitu eta hobetzeko obrak hartzen ditu kontuan: Untzillan, A-3920 eta A-4021 errepideak; Zabolan, A-4021 errepidea; eta A-3920errepidean, 32/360 eta 32/720 kilometro-puntuen artean.

Adif Alta Velocidad enpresak lizitatu du Aramaioko errepideak konpontzeko eta egokitzeko obren kontratua. Abiadura handiko linearen Gasteiz-Bilbo-Donostia-Frantziako muga ibilbidea eraikitzeko obren eraginpean dauden errepideak konponduko ditu.

Lanak, hiru eremutan

Kontratua 3,7 milioi eurotik gorako zenbatekoan lizitatu da eta 12 hilabeteko epean egin beharko dute.

Hiru eremu egokitu eta hobetzeko obrak hartzen ditu kontuan kontratu horrek: Untzillan, A-3920 eta A-4021 errepideak; Zabolan, A-4021 errepidea; eta A-3920errepidean, 32/360 eta 32/720 kilometro-puntuen artean.

Untzillan, zehazki, A-3920 errepidearen elkargunea egokitu eta hobetuko dute. Horren gainean, 230 metroko tarte batean jardungo da, A-4021 errepidearekin, gaur egun dauden lotuneetako bat kenduz eta ikuspen handiagoa emanez.

Era berean, A-4021 errepidea zabaldu egingo da bidegurutzetik, 200 bat metroko luzeran. 5 metroko galtzada bat eraikiko da, zoru berriarekin, drainatze-obrekin eta dagozkion kanalizazioekin.

Zabolan, A-4021 errepideko jarduna 6 metroko zabalerako galtzada bat eraikitzean gauzatuko da, eta edukiontzien inguruko eremua egokituko da.
 

Azkenik, A-3920 foru-errepidearen 32/360 eta 32/720 kilometro-puntuen arteko zatia egokitzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte. Egungo plataforma zabaldu egingo dute, errepidearen ertza errespetatuz, azpitik doan Aramaio errekastora lurra ez isurtzeko. Gainera, sestra igo egingo dute Aramaio ibaiaren bidegurutzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak