Azken osoko bilkuran ordenantza fiskalen aldaketa onartu zuten 2025eko ekitaldirako, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Hiru igoera egongo dira, eta gainontzeko zergak eta tasak, mantendu egingo dituzte.
Ordenantza fiskalen aldaketa
Igoera handiena hondakinen tasak jasango du; %30a. Europako legediaren arabera, zabor-bilketaren zerbitzua ezin da defizitarioa izan udalarendako eta neurri hori hartu dutela azaldu du Asier Agirre alkateak: "Zaborrarekin sortzen diren kosteak herritarrek ordaindu behar dituzte, eta, alde batetik, legedia kontuak direla-eta, eta bestetik, etorkizunera begira gauza batzuk eguneratu behar ditugunez, %30 igoko dugu zabor-tasa. Ez gara kasu bakarra Aramaion, eskualdean bertan beste hainbat herritan egin dituzte gurea bezalako igoerak". Hori etxebizitza bakoitzak hilean ordaindu beharrekoa bi euro pasatxo igoko du.
Ur-tasa, berriz, %20 igoko dute: "Aramaion daukagun ur sareak kostu handia dauka eta zahartzen ari da. Hor %20ko igoera egingo dugu eta etxebizitza bakoitzak hilean horregatik ordaindu beharrekoa beste bi euro inguru igoko da", esan du alkateak.
Azkenik, saneamenduaren tasa %15 igotzea ere onartu zuten. Hilabetero etxebizitza bakoitzak ordaindu beharrekoa euro bat inguru igoko da kasu horretan, eta beraz, guztira hilero bost euro inguru gehiago ordaindu beharko dute herritarrek.
EAJko zinegotzi Alberto Amenabarrek salatu zuen berak ez zuela jaso ohiko bilkuraren deialdia gai zerrendarekin, eta beraz, abstenitu egin zen: "Ez dugu jaso deialdia gai zerrendarekin eta nik informazio gabe, edo lehenagotik jakin gabe zertaz hitz egin behar dugun, ez daukat denborarik erabakitzeko. Informazioa lehenago jaso behar dugu", esan zuen. Horregatik, erabaki zuten ordenantza fiskalen gaiak zuen lehentasuna ikusita, gai hori jorratzea osoko bilkuran, baina gainontzeko puntuak azaroan egingo duten ezohiko osoko bilkurarako utzi zituzten.
Bukaeran, herritar batek hartu zuen hitza esanaz alkatearen dekretu bitartez Udalak zigor bat jarri ziola eta oraindik Udalak ez diola esan zein arauk babestuta jarri zion zigorra. Alkateak erantzun zion esanez hainbat gai blokeatuta egon direla pertsonal faltagatik, baina hasiko direla lanak antolatzen eta bere kasua aztertuko dutela adierazi zion.