Laugarren urtez jarraian, Europa Creativa Mapping proiektuaren barruan sortutako Haziaraba in the Mapping jaialdia hartuko dute Gasteizek eta Arabako bederatzi udalerrik azaroaren 2tik abenduaren 27ra bitartean, eta horietako bat izango da Aramaio. Hain zuzen ere, 2 eta 6 urte artekoendako hiru ekintza antolatu dituzte eta jarduera guztiak kultur etxean izango dira. Jaialdi horrek arteak familian ikusi eta esperimentatzeko aukera ematen du, eta sormen pertsonala bultzatu.
Hiru emanaldi
Lorategian ikuskizunarekin iritsiko da Haziaraba in the Mapping Aramaiora azaroaren 3an. 17:00etan izango da ikuskizuna eta kultur etxeko oholtzan osatuko duten lorategian antzerkia, bideoa, itzalak eta marrazkiak nahastuko dituzte, ikusleei jolas-ikusmen eta ikusmen aktibo bizipena proposatzeko.
Azaroaren 6an, berriz, 18:00etan, Tomasaren etxea instalazioaren txanda izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "handiendako eta txikiendako jolas-espazioa da", eta parte-hartzaileek elkarrekin entzungo dute elkarbizitzaz nahiz eskuzabaltasunaz hitz egiten duen ipuina. Plazak mugatuak dira.
Azaroaren 24an, 17:00etan, Minimach animazioaz gozatu ahal izango da. Stop motion animazioa, 3D marrazki bizidunak eta film labur irudiztatuak ikusi ahalko dira; denak jaialdiko lehiaketa atalekoak.
Izen-ematea
Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da, itxasokultura@gorbeialdea.eus helbide elektronikora idatzita.