Goizean goizetik atera dira kalera trikitilariak, eta herriko kaleetan egindako kalejira batekin hasi dute aurtengo Jubilatuen Jaia. Ostean, 12:00etan, egin dute urtean zehar hildako jubilatuen aldeko meza nagusia, eta ordu berean hasi da herriko ekoizleen eta artisauen produktuez osatutako azoka; barazkiak, mermeladak edota eztia izan dute azokan, baina baita marrazkiak, pertsonen erretratuak edota haurrentzako jostailuak ere. Nardeaga kalearen bukaeran ganadua ere egon da ikusgai.
Dantzak eta bazkaria
Ohikoa den bezala, Lagun Artean dantza taldeak emanaldia egin du; aurten baina, eliza parean egin beharrean kanpoko frontoian egin dute eguraldi kaxkarragatik. Hala ere, jendetza batu da frontoi inguruan haur, gazte zein helduenen dantza emanaldiak ikustera. Dantzak bukatuta, trikiti eta pandero doinuekin eman diote amaiera emanaldiari; ostean, San Martin Herri Eskolan egin dute bazkaria jubilatuek.