Organikoa herrian bertan kudeatzeko asmoa dute Aramaion

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko urr. 26a, 11:24

Aramaioko Iturrizuri kalean dauden edukiontziak.

Gorbeialdeko Kuadrillak darama herriko hondakinen kudeaketa, eta, Udalarekin batera, errefusa eta organikoa bereizteko eta errefus gutxiago sortzeko asmoa dute. 2026tik aurrera, asmoa dute errefuseko edukiontziko sarbidea txip bidezkoa izatea.

Hondakin organikoa errefuseko frakziotik atera behar da, eta horretarako, jatorrian bertan ondo bereiztea ezinbestekoa da. Berez organikoa ez litzateke errefuseko edukiontzira bota behar, eta horretarako, konpostajeko askotariko ekimenen bidez kudeatzea proposatzen dute –etxe bakoitzak bere konposta eginez edo auzo-konposta baliatuz–. Gorbeialdeko Kuadrillarena da Aramaioko zabor kudeaketaren ardura, eta haren helburu nagusia da hondakin organikoa errefusetik bereiztea, etxeko eta auzoko konposta areagotuta, eta Udalak ere bat egiten du asmo horrekin. Gainera, asmoa da 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera errefuseko edukiontziko sarbidea txip bidezkoa izatea.

Izan ere, gaur egun errefusen edukiontzietan jasotzen dutena Jundizko bio-konpost plantara eramaten dute, tratamendu mekaniko biologikoko plantara (TMB), eta bertan jasotako errefusa Gardelegiko zabortegira bideratzen dute gero. Azkenean, TMBn jasotakoaren %6 da birziklatzeko bidean jartzea lortzen dena. 2023an Arabako gaikako bilketa %39koa izan da, eta helburua da 2025erako %55 izatea.

Lege berria eta zerga igoera

2022an hondakinei dagokien 22/07 legea onartu zen, eta horrek dakar zabortegira eramateagatiko zerga; herrietako errefusaren kasuan, 30 euro tona metrikoko. Eta zerga berri hori TMBk kobratzen duen tasan barneratzeko erabakia hartu dute. Beraz, horrek ekarriko du herriko hondakinen zergan igoera bat; zehazki, asmoa da %30eko igoera izatea. Hain zuzen, errefusari dagokion TMBko tasa gaur egun 96,62 eurokoa da etxebizitzako urteko, eta datorren urtean 126,95 eurokoa izango da. Horrek hilero ordaindu beharreko kuota 2,39 euro gehiago ordaintzea ekarriko du, gutxi gorabehera. Hori da atzo, eguena, herritarren aurrean Udalak egin zuen bilera irekian azaldu zuena. Udalaren asmoa baita zerga igoera hori eta gainontzeko zergen kopuru aldaketak astelehenean egingo duten batzordetik pasa eta datorren eguenean egingo duten ohiko osoko bilkuran onartzea.

2025etik aurrera zer?

Udalak adierazi du errefusa tratatzeko kostuek gora egingo dutela datozen urteotan, MTBko tasarengatik eta zerga berriarengatik. Gainera, errefusaren bilketa zerbitzuko kostuak frakzio guztien artean garestienak dira. Eta diote errefusaren sorrera gutxitu egin behar dela, bilketa maiztasunak ere jaisteko, eta horrek eragina izango luke zergetan ere. Bide berrian, Udala prest dago behar den guztian herritarrei laguntzeko.

Jundizko bio-konpost plantara bisita

Aramaioko hiru zinegotzi eta Alaiak jubilatuen elkarteko idazkari Alex Mendikute izan dira Jundizko bio-konpost planta bisitatzen, herrian jasotzen duten errefusedukiontzietan bildutakoarekin zer egiten den bertatik bertara ikusi ahal izateko. Mendikute, esaterako, oso harrituta itzuli zen bisitatik. "Oso gaizki egiten gabiltza, herritar guztiek pasa beharko lukete han egiten dutena ikustera. Hobetzeko asko daukagu, eta, horretarako, heziketa oso garrantzitsua da. Gure zaborra edukiontzian sartu eta gerokoaz ahaztu egiten gara. Arazorik ez dagoela pentsatzen dugu, baina zaborrak kalte gutxiago eragiteko ahaleginak egin behar ditugu", adierazi du. Udalaren asmoa da interesa duten herritarrendako ere horrelako beste bisita bat antolatzea, bio-konpost plantan egiten dutena zuzenean ikusi ahal izateko eta kontzientziatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak