Urtero bezala, urriko azken zapatuan, hau da, etzi, ospatuko da Jubilatuen Eguna. Produktuen eta animalien azoka egongo da 11:00etatik 14:30era bitartean Nardeaga kalean, eta bertan hainbat postu jarriko dituzte, herrikoenak zein kanpokoenak. Animaliak ere izango dira: astoak, behorrak, behiak eta oiloak egongo dira.
Meza eta bazkaria
12:00etan izango da meza, Bizente Goikoetxea abesbatzaren parte-hartzearekin, eta ondoren, 13:00etan Lagun Artean dantza taldearen eta Papargorri abesbatzaren erakustaldiak izango dira. Ibarrako elkarte gastronomikoek salda eta mokadutxo batekin hartuko dituzte hala nahi duten jubilatuak, eta herriko trikitilariek eta dantzariek girotuko dituzte kaleak. 14:30ean izango da jubilatuen bazkaria.
Omenaldia
Aurtengo omenduak Arraga auzoko Fermin Etxebarria Elorza eta irailaren 27an 100 urte bete zituen Suñako Eustakia Agiriano Zuazua izango dira.
Trafikoan aldaketak
Bihar, egubakoitza, 15:00etatik aurrera, Nardeaga 30etik behera, postu batzuk jarriko dituzte, eta garaje eta atarietako sarrera-irteerak libre utzi beharko dira, nahiz eta trafikoa zabalik egongo den. Nardeaga 32tik 33ra trafikoa moztuta egongo da errepidean animalientzako hesiak jarriko dituztelako.
Eta zapatuan, hilak 26, trafikoa moztuta egongo da Nardeaga kale guztian.