Zortzi bertsolari izango dira azaroaren 15eko kopla txapelketan: Durangoko Igor Elortza, Berako Ekhiñe Zapiain, Abadiñoko Aitor Bizkarra, Urretxuko Amaia Iturriotz, Lesakako Erika Lagoma, Añorgako Unai Gaztelumendi, Gasteizko Eli Zaldua eta Lesakako Josu Sanjurjo.
Bi zatitan jokatuko da txapelketa: 19:30etan Goiko Taberna zenaren parean elkartuko dira zortzi bertsolariak, eta lehen ariketak kalean egingo dituzte. Bigarren zatia, afalostekoa, Aramaioko Eskolan jokatuko da, bertako jangelan afalduko baitute parte-hartzaile eta bertsozaleek. Musikariek lagunduta, zortzi bertsolariak hasiko dira kantuan, eta bi bertsolari sailkatuko dira buruz burukora. Bi saioak aurkezteko ardura bertso-eskolako kideek izango dute.
Afalosteko saioa ikusi nahi dutenek, afarirako txartelak erreserbatu dezakete, 25 eurotan, 688 62 70 89 zenbakira idatzita. Azaroaren 10era arteko epea izango da horretarako, baina antolatzaileek azpimarratu dute aurreko edizioak kontuan hartuta lehenago agortuko direla txartelak.
Bosgarrenez, aurten
Bosgarren aldiz egingo da kopla txapelketa Aramaion. Aurreko lau edizioetan, Maider Arregi oñatiarra, Xabat Illarregi leitzarra (birritan irabazle) eta Etxahun Lekue larrabetzuarra izan dira garaikurra etxera eraman duten bertsolariak.