Sagar zukua eta sagardoa, biak dastatu dituzte Aramaion

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 22a, 14:52

Sagardo Eguna egin dute gaur Aramaion eta egon da sagardoa dastatzeko eta edateko aukera. Baita aurtengo sagar uztarekin egindako zukua ere. Lagun Artean dantza taldeak antolatuta taloak ere egin dituzte sagardoari laguntzeko. Eguerdian sagar-dantza egin dute, gainera. Txotxerako, berriz, Oletatik etorri dira.

Plazan elkartu da eguerdirako jendea aurtengo Sagardo Egunaz gozatzeko. Aurretik, sagardo dastatzea egin dute hamaika lagunek Mikel Garaizabalekin batera, euskal sagardoaren babesarekin.

Ikasi dute sagardoa kopak edateak eta basoan edateak ez duela berdin usaintzen, adibidez, eta ari direla sagardo mota ezberdinak ere egiten, sagardo-ardoa esaterako. Ikastaroan egondakoen artean baziren bertako sagardo ekoizleak ere eta zituzten zalantzak argitzeko ere balio izan diete ordubete eskas iraun izan duen saioak.

Sastiñan izan da dastatze ikastaroa. Bitartean, kanpoan, sagarraren zukua egiten ari ziren bi aramaioar, beste batzuk postuak jartzen gero euren sagardoa zerbitzatzeko eta beste asko plazan sortutako girora batzen.

Peru Abarrategi eta Iraide Onandia bertsolarien agurraren ostetik, Lagun Artean dantza taldekoek egin dituzte bi dantza: aurreskua, taldean, txikienek eta sagar-dantza nagusiagoek. Ordurako, Sastiña kanpoan zeuden Oletatik etorritako bi lagun. Izan ere, aurten, oletarrak gonbidatu dituzte txotxerako.

Eta eguerdiko ekitaldiaren ostean hasi dira bertaratutakoak sagardoa edaten eta taloak jaten, Lagun Artean dantza taldeak aurten ere jarri duelako taloen txokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak