Irailaren 22an hartuko du Aramaioko plazak Sagardo Eguna eta herriko ekoizleek egindako sagardoa dastatzeko aukera egongo da. 12:30ean izango da hori, baina 11:30ean Sastiñan Mikel Garaizabal somelierrak gidatutako Euskal Sagardoaren dastaketa komentatuan parte hartzeko aukera egongo da.
Somelierrak adierazi duenez, sagardoa nola dastatzen den ikasiko dute parte-hartzaileek lauzpabost sagardo mota dastatuz: "Entrenamendu txiki bat egingo dugu gure zentzumenekin. Gero, dastaketa amaitzen denean, postuak zabalduko dira eta dastaketara joaten direnean oinarri bat izango dute beste sagardoak ere dastatzeko".
Ordubete inguruko saioa izango da. Doakoa da, baina plazak mugatuak dira. 25 lagunendako izango dela aurreratu du. Parte hartu nahi dutenek Internet bidez erreserbatu behar dute gonbidapena, edo, bestela, 945 44 50 16 telefono zenbakira deituta. 18 urtetik gorakoek har dezakete parte.
Egitaraua
Sagardoa dastatzeaz gain, bestelako ekintzat ere antolatu dituzte. Honakoa da egitaraua:
- 11:30 Sagardo dastaketa Sastiñan.
- 12:30 Gesaltza fanfarrearekin kalejira.
- 12:30 Txotx irekiera
- Ondoren, sagar dantza (Lagun Artean dantza taldearen eskutik).
Bitartean, Aramaioko sagardoa eta zukua dastatzeko aukera egongo da.