Auto lasterketak gainbeheran zeudela uste zutenendako oharra: ez da horrela. Seguruenik, bide bazterretan garai batean baino ikusle gutxiago egongo dira lasterketak zuzenean jarraitzen, baina jendeak ez du zaletasuna galdu, eta biharko Aramaioko rallysprintak dagoeneko eman du datu esanguratsu bat: inoiz baino lasterkari gehiago izango dira, 65 automobil, euren pilotu eta kopilotuekin. "Parte-hartze datu oso ona da; antolatzaileok ere aurrekoan berbetan ibili ginen ea inoizko parte-hartze datu onena ote den. Horrek esan nahi du minutu bakoitzeko auto bat abiatzen bada, txanda bakoitzean, dena ondo joanda, ordubete pasatxo beharko dugula, 65 minutu. Begira ibili gara eta badirudi ez duela euririk egingo, eguraldiak ere dezente baldintzatzen du-eta halakoetan", adierazi dio GOIENAri Kepa Etxeberriak.
Ibilbideari dagokionez, ez dago aldaketarik. Lasterkariek guztira 31,2 kilometroko lasterketa izango dute, lau txandatan banatuta –7,8 kilometro txanda bakoitzean–. Goizeko bi txandak Irubideta pasata hasiko dituzte, Uribarri auzorantz; eta Arexola eta Arriola auzoak pasata Etxaguenerantz abiatuko dira; hara iritsi barik Gantzagarantz jaisten hasi, eta tramua Andramariko bidegurutzean amaituko da. Tramuaren goialdea asfaltatu egin dute aurten, eta pilotuek eskertu egingo dute hori. Arratsaldeko beste bi tramuak kontrako noranzkoan egingo dituzte.
Aramaioarrak tartean
Parte-hartzaileen zerrendan debagoiendar asko daude, baita aramaioarrak ere: Eneko Uribe eta Asier Rioja (Mitshubishi EVO), Iñar Amenabar eta Igone Salaberria (R5 GT Turbo), Asier Robledo eta Ander Lopez (Saxo VTS) eta Aimar Arriolabengoa eta Maialen Vallina (AX Sport), hain zuzen. Eta haiekin batera Urko Perez ere kopilotu lanetan ibiliko da, Elgoibarko Unai Usobiagari laguntzen (205 GTI).
Aurrean saltsa polita
Aramaiokoa egutegiko zazpigarren lasterketa izango da, denboraldiko azkenaurrekoa. Eta urriaren 5ean jokatuko dute azkena, Elgoibarren. Hala, aurreko hiru postuen lehian saltsa polita dute Iker Etxeberriak (124 puntu), Aitzol Apalantzak (104 puntu) eta Eskoriatzako Gorka Idigorasek (97 puntu). Edozelan ere, Apalantzak azkeneko lau lasterketetatik hiru irabazi egin ditu, baina bistan da Aramaioko eta Elgoibarko puntuek erabakiko dutela txapelduna.