Gaztetxoak primeran dabiltza Gazte Udan

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko uzt. 25a, 09:22

Albiñara gaua pasatzera egindako irteeran, gazteak kontu kontari, atzean kanpindendak prest dituztela. (Argazkia: Gazte Uda).

Bihar, egubakoitza, egingo dute azken irteera Zarauzko hondantzara, baina hilabete guztian zehar askotariko ekintzak egin dituzte; arrakastatsuena izan da kanpindendekin Albiñara gaua pasatzera joan izatea. 22 gaztetxo inguruk hartu dute parte.

Hilabete berezia izaten da uztaila gazteendako. Aramaion, Txirritola Euskara Elkarteak antolatutako Gazte Uda izeneko egitasmoa izaten da martxan, eta horren baitan, askotariko irteerak egin dituzte. Aurtengoarekin gainera, oso pozik daude antolatzaileak, izan ere, iaz baino gazte gehiago animatu dira ekintzetara: "12 eta 14 urte bitarteko 22 lagun inguruk hartu dute parte aurtengo ekintzetan eta oso pozik gaude izan duen harrerarekin. Iaz, 15 lagun inguru ibili ziren, eta aurten gehiago izan dira. Gainera, antolatutako ekintzak ere oso ondo joan dira", adierazi du Txirritola elkarteko kide den eta Gazte Udako hezitzaileekin zubi lanak eta koordinazioan diharduen Irati Lasagak.

Askotariko irteerak

Hilaren 4an egin zuten lehen txangoa Zarauzko hondartzara. Aramaiotik joan-etorria egiteko autobus konbinazio egokiak dituztela-eta, bertara joan ziren. Eguraldi ona lagun, primeran pasa zutela esan du Lasagak.

Horren ostean etorri zen aurtengo irteera arrakastatsuena: Albiñara gaua pasatzera joatea. "Udalekuetako ekintza onena izaten da gazteendako, gaua etxetik kanpo pasatzen baitute. Kanpin-dendak eta lo-zakuak hartu, eta Albiñan lo egitea eurendako esperientzia oso aberasgarria da. Gauean kontu kontari ibili ziren asko", esan du Lasagak.

Beste batean, berriz, afari-merienda egin zuten Ganborralden. Kaletik oinez igo ziren gaztetxoak norberak etxetik eramandako jatekoarekin, eta iluntzera arte egon ziren bertan.

Sukaldarien ligan, ostera, patata tortilla onena egiten ibili ziren hiruzpalau pertsonako taldetan banatuta, telebistako saio entzutetsuen pareko.

Bihar, egubakoitza, egingo dute azken irteera, eta Zarauzko hondartzara joango dira berriro.

Aisialdia euskaraz

Urtean zehar gaztetxokoan izaten diren lau hezitzaileak izan dituzte dinamizatzaile gaztetxoek hilabete honetako irteeretan: Leire Arrizabalaga, Izaro Diaz de Gereñu, Danel Herrarte eta Alaitz Isazelaia. Tartekatzen joan dira eta irteera bakoitzean bi hezitzaile joan dira gaztetxoekin batera.

Lasagak azpimarratu du urtean zehar gaztetxokoan sortutako harreman hori mantentzen dela udako aisialdi eskaintza honekin eta garrantzitsua dela gazteek euskaraz ondo pasatzea, Gazte Uda ekimen honen baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak