Egubakoitzean hasi eta domekara bitartean adin eta gustu guztiendako askotariko ekintzak izango dira Arriola eta Arexola auzoetako Santa Marina jaietan.
Egubakoitzean 20:00etako etxafuegoekin eta kanpai errepikez hasiko dituzte jaiak. Eta horren ostean egingo duten auzoko bertso afarian goi-mailako bertsolariekin gozatzeko aukera izango dute, bertan izango baitira Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze bertsolariak.
Zapatuan, berriz, hainbat ekintza izango dira: 12:00etan, meza; 13:00etan, Ibarratik Arexolara bizikleta lasterketa; 17:00etan, kanpai-jotze erakustaldia; ostean, mus eta briska txapelketak; 18:00etan, Arexolatik Arriolara kalejira eta bertan jolasak; eta 21:00etan, erromeria trikitilariekin eta parrillada plazan.
Domekan, ostera, 12:00etan meza izango da, Aramaioko abesbatzak lagunduta, eta ostean, kantu saioa. Eta jaiei bukaera emateko, 17:30ean ume jolasak egingo dituzte.