Ander Fernandez Pacheco: "Gogoz itzuli naiz Gernikako taldera"

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko uzt. 18a, 09:48

Ander Fernandez Pacheco, Gernikako taldean jokatzen ibili zeneko irudi bat. (Argazkia: Ander Fernandez Pacheco)

Etxean bezala sentitzen da Ander Fernandez Pacheco aurrelaria Gernikako taldean eta hango eskaintza jaso zuenean, ez zuen dudarik izan. Eguaztenean hasi zen entrenamenduekin.

Azken denboraldia Barakaldoko futbol taldean egin ostean, Ander Fernandez Pacheco (Aramaio, 1995) Gernikako taldeak fitxatu berri du. Hala, aurrelariak, Bigarren RFEF mailan jokatzen jarraituko du datorren denboraldian ere. Dena den, Gernika ez da talde berria aramaioarrarentzat, izan ere, hiru urtez egon zen bertan jokatzen.

Gernikako taldera itzuli berritan, zer moduz zaude?

Oso pozik. Aukera hori irten zitzaidanean duda gabe baietz esan nuen. Niretzat Gernikako taldera itzultzea etxera itzultzea bezala da. Izan ere, bertan igarotako hiru urteak nire ibilbideko onenak bezala gogoratzen ditut, beraz, gogoz itzuli naiz.

Nola jaso zenuen notizia?

Barakaldon jokatzen izan naizen azken denboraldian jokatu dut, baina ez naiz titular izan. Orduan, banekien zaila izango zela kontratua bertan berritzea, mailaz igotzea ere lortu genuelako. Espero nuen Gernikak, adibidez, eskaintza egitea, han jokatutako urteak onak izan zirelako eta aurten ere ondo ibili naizelako. Pixka bat kosta da; izan ere, Gernikako Zuzendaritzan jende berria ere badago: aurretik ezagutzen nautenak eta ezagutzen ez nautenak daude, baina nirekin gogoratu dira eta pozik nago.

Zer eman zizun Gernikako taldeak?

Aukera futbolistikoki jokalari hobea izateko. Gernikara iritsi aurretik, Zestaon, esaterako, bai egin nuen urte ona, baina gero Amorebietan, adibidez, asko kostatu zitzaidan. Galiziako Bergantiños-en ere izan nintzen. Baina Gernikan futbolistikoki heldu egin nintzela esango nuke. Hiru urte horiek oso onak egin nituen igoera bat lortzen, Errege Kopan debutatzen eta Bigarren RFEF mailara igo ostean 15 gol sartu nituen.

Badirudi beraiek ere pozik daudela esan dutelako Patxekismoa bueltan dela.

Patxekismoa Barakaldon sortu zen iaz. Ez dakit zer egin nuen, baina peña bat sortu zuen harmailetan ezagutzen ez nuen jendeak eta kartela eta guzti izan dute jarrita nire izenarekin. Fama hori hartu du eta niretzako beti ona izango da Patxekismoa egotea. Jokalari batendako oso motibagarria da jendea zurekin egotea. 

Astean hasi zarete Gernikan entrenamenduekin, ezta?

Oporrak motz gelditu zaizkit, bai. Eguaztenean hasi ginen entrenamenduekin. Asko motibatzen ninduen jende asko ezagutzen nuela lehendik. Egia da kirol zuzendaria, entrenatzaileak eta talde teknikoa berriak direla Gernikan, baina taldekide gehienak ezagutzen ditut eta horrek erraztasunak ematen ditu aldagelan.

Esan izan duzu Barakaldon aldagelan kuadrilla zeneukala.

Bai, uste dut oso garrantzitsua dela talde-giro on bat, familia bat sortzea gure artean. Gernikan aurretik izan nintzen urteetan ere oroitzapen hori daukat eta espero dut aurten ere ikusi dudanagatik giro ona izango dugula gure artean.

Nola sentitu zara belar artifizialdun zelaian berriro?

Urteekin nabaritzen da belar artifiziala daukaten zelaietan lesioak ere lehenago etortzen direla, baina ondo. Baloiarekin lehen kontaktua egin dugu, zelai naturala dutenetan baloia harrapatzea errazagoa izaten da, artifizialean gehiago botatzen duelako, baina azkar ohituko gara horretara ere.

Penarekin gelditu zara Barakaldorekin igoera lortu ostean, maila horretan ez duzulako jokatuko?

Egia da jokatu dudana ondo jokatu dudala, baina banekien hau gerta zitekeela. Gainera, pozik gelditu naiz egin dudanarekin eta uste dut jendea nirekin ere gogoratuko dela, beraz, horrekin geratzen naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak