Aramaioko Lagunarteko pilota txapelketako finala gaur

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko uzt. 5a, 11:23

Arriolabengoa, Herrarte, Lopez eta Del Campo, finalaurrekoan. (Argazkia: APE).

Olaizolak eta Armendarizek Lopezen eta Del Camporen kontrako finala jokatuko dute gaur, arratsaldeko zortzietan, frontoian; txapelketako lehen partidua elkarren aurka jokatu zuten eta Lopezek eta Del Campok irabazi zuten, bi tantoko aldearekin.

Maiatzean eman zitzaion hasiera Aramaioko IV. lagunarteko pilota txapelketari, eta dagoeneko amaierara iritsi da; izan ere, gaur arratsaldeko zortzietan hasita jokatuko dute finala, Maider Unda pilotalekuan, Julen Olaizolak eta Josu Armendariz Sarabia-k Ander Lopezen eta Asier del Camporen aurka.

Ez da elkarren aurka jokatzen duten aurreneko aldia, txapelketa elkarren artean jokatuz hasi baitzuten, eta orduko hartan Ander Lopezek eta Asier del Campok irabazi zuten, bi tantoko aldearekin. Gainera, iaz ere finalera iritsi ziren Julen Olaizola eta Ander Lopez, baina biek osatzen zuten bikotea.

Final "gogorra" aurreikusten dute Julen Olaizolak eta Asier del Campok. "Fisikoki partidu gogorra espero dut. Nik nire erritmoa sartzen badut eta gero tantoak amaitzen ibiltzen banaiz, uste dut aukerak izango ditugula. Fisikoki gogorra izango dela ziur. Gakoa partiduko fase garrantzitsuenetan ondo eustea izango da, eta gero tantoak bukatzea", dio Olaizolak. Del Campok, berriz, azaldu du bikote aurkaria "oso gogorra" dela: "Julen pilotaria izanda... Gogorra izango da eta parekatua. Final polita aterako da".

Lehia parekatua

Elkarren aurka jokatutako partidua gogoan dutela, lehia "parekatua" aurreikusten dute, eta, horregatik, faborito garbirik ez dagoela diote. "Nahiz eta guk hasierako partidua haien aurka galdu, gero txapelketa oso ona egin dugu. Asierrek eta Anderrek eskuetatik asko sufritu dute, eta, eskuetako minaren arabera, agian, fisikoki ez dira ondo iritsiko finalera, baina, halere, uste dut nahiko parekatuta egongo dela finala, eta eta ez dut faboritorik ikusten", azaldu du hirugarren aldiz finala jokatuko duen Olaizolak.

Gaur arratsaldean frontoian egongo den giroa ere nabarmendu dute bi pilotariek. "Giro bikaina egongo dela ziur. Urtero horrela izaten da, eta, horregatik, hori ere bazen helburua. Finalera heltzea giro horretan jokatzeko. Eta oso gogotsu gaude", gaineratu du Olaizolak. Del Campok adierazi du konforme egongo dela "partidu polita" ateratzen bazaie eta pilotalekuan "giro ederra" egoten bada.

Txapelketaren balorazioa

Joan den astean jokatu zituzten finalerdiak, eta Olaizola eta Armendariz 22-14 nagusitu ziren; bigarren finala estuagoa izan zen, eta 22-21 irabazi zuten Lopezek eta Del Campok iaz finalean izan ziren Danel Herrarteren eta Markel Arriolabengoaren kontra. "Finalaurreko luzea izan zen. Uste nuen partida hura galdu egingo genuela. Bikote gogorra da, baina, azkenean, gure alde jausi zen txanpona. Partida luzea eta oso fisikoa izan zen. Espero ez genuen emaitza da, eta, orduan, motibatuta eta pozik gaude", dio Del Campok.

Txapelketari dagokionez, "behetik gora" egin dutela dio Olaizolak, lehen partidua galdu bazuten ere gainerako guztiak irabazi egin dituztelako. Egindakoaz Del Campori galdetuta, honako hau dio: "Txapelketa polita izan da. Azkenean, herriko jendeak horrelako gauzetan parte hartzeak txapelketa polit egiten du".

Hamaika bikoteko txapelketa

Hamaika bikotek hartu dute parte laugarren edizio honetan, eta Aramaioko Pilota Elkarteko Alfonso del Campok balorazio ona egin du. "Aramaio bezalako herri batean hamaika bikotek izena ematea asko da", azaldu du Del Campok. Txapelketako norgehiagokak "politak eta borrokatuak" izan direla aitortu du, eta gustura agertu da herritarrek gogoa jarri dutelako hilabete hauetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak