Txirritola Euskara Elkarteak 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako Gazte Uda programa antolatu du eta uztailean zenbait ekintza egin ahal izango dituzte Aramaioko gazteek.
Uztailaren 4an egingo dute lehenengo irteera eta hondartzara egingo dute txangoa. Uztailaren 12tik 13ra bitartean, berriz, Albinan pasatuko dute gaua. Uztailaren 15ean, Ganborralden afari-merienda egingo dute eta 17rako, sukaldarien liga antolatu dute. Egitasmoa hasi bezalaxe bukatuko dute, uztailaren 26an hondartzara joango dira.
Txirritolak aurreratu du ekintzen dinamizatzaileak izango direla urtean zehar Aramaioko gazte-lekua dinamizatu duten hezitzaileak.
Izen-ematea eta prezioa
Izena emateko epea hilaren 28ra arte dago zabalik eta horretarako galdetegia bete behar da. Ekintza guztietan izena emanez gero, prezioa 35 eurokoa da. Hala ere, ekintza solteetan izena emateko aukera ere badago eta kasu horretan, ekintza bakoitzak 10 euroko prezioa izango du.