392 sinadura aurkeztu dituzte Aramaioko herritarrek Osakidetzan, herrian oinarrizko osasun-zerbitzu jarraitua izateko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 11a, 13:05

Aramaioko Lagunkoia, herritarrak eta udal ordezkariak, gaur, sinadurekin Osakidetzako Bezeroen Arreta Zerbitzu aurrean Arrasaten.

Aramaioko Lagunkoiak maiatzean jarri zuen martxan sinadura bilketa eta gaur aurkeztu dituzte sinadurak Arrasateko Osakidetzeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Herri mailan martxan jarritako ekimena izan da eta positiboki baloratu dute. 392 sinadura jaso dituzte eta, gaur Aramaioko Lagunkoiak, udal ordezkariek eta beste hainbat herritarrek, denera 18 lagunek, Arrasateko Osakidetzara eraman dituzte sinadurak. Herritarren arreta zerbitzuan sinadurak jaso dituzte eta hurrengo pausoa izango da eskaerei erregistroa ematea. Ondoren, horren ziurtagiria jasoko dute eskaera egin dutenek.

Rosa Mondragon herritarraren esanetan, "ez da erraza", baina herri mugimendua Osakidetzak kontutan har dezan nahi dute. "Ia 400 pertsona mugitzea, kopuru garrantzitsua da. Uste dugu zerbait lortuko dugula", dio Mondragonek. Ane Miren Etxebarria Aramaioko Lagunkoia taldeko kideak gehitu du gutxienez, Osakidetzan jakin dezatela Aramaion osasun-zerbitzua momentu batzuetan eten egiten dela.

Mondragonek dio herritarrak mobilizatu nahi izan dituztela herrian duten osasun-zerbitzuaren egoerari aurre egiteko: "Ekainean gaude eta aurreko urteetan udako zerbitzua gutxienekoa ere ez da izan. Zuzenean, Arrasatera bideratu gaituzte eta nahi duguna da zerbitzu jarraitua izatea Aramaion; bai medikua, baita erizaina ere. Uste dugu gutxieneko zerbitzua badela 1.500 biztanle dituen herri baterako. Hori da eskatzen duguna". Adierazi du ez daukatela erreferentziazko mediku eta erizainik eta galtzen herritarrak ateratzen direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak