Ander 'Pacheco'-k jokatzen duen Barakaldo Lehen RFEFra igo da

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 3a, 15:39

Pacheco familia eta lagunekin igoera lortu ostean.

Orihuelaren aurka jokatu du Barakaldok play off-a eta joanekoan 3 eta 1 galdu arren, zapatuan, itzulikoan, Lasesarren 2-0 nagusitu zen Bizkaiko taldea eta hortaz, datorren urtean Lehen RFEFn jokatuko du. Ander Fernandez Pachecori hilaren amaieran bukatuko zaio Barakaldorekin daukan kontratua, berritze kontratua jasoz gero, baloratu eta geratuko litzatekeela esan du.

Denboraldia "ezin hobea" izan dela adierazi du Pachecok eta taldeak bere helburua bete duela dio eta balorazio positiboa egin du: "Urte batzuk beheko postuetan egon ostean, jakinda Barakaldo lehen RFEF mailako taldea dela, sekulakoa da. Hiru partida galdu ditugu; bat play off-ean eta beste biak Ligako lehenaren kontra. Uste dut brutala izan dela".

Hala, aldageletan eta jokalarien artean sortu den giroa nabarmendu du: "Sekulako giroa zegoen, jokalari onak ginen, baina helburu hauek lortzeko onak izateaz aparte, familia bat sortzea garrantzitsua da aldagelan eta uste dut hori izan dela gakoetako bat".

Etorkizuna zalantzan

Urtebeteko kontratuak sinatu ohi ditu aramaioarrak eta ekainaren 30ean amaituko zaio orain daukana. Adierazi du klubak baloratuko duela ze jokalarirekin geratuko den: "Sekulako motibazioarekin amaitu dut denboraldia, eta berritzea jasoz gero, apur bat baloratuta geratuko nintzatekeela pentsatzen dut". Hala, erabakia klubarena dela dio eta hurrengo asteetan jokalari bakoitzari klubak informazioa emango diola azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak