Urtero egiten dute Alboka Eguna; jaialdi ibiltaria eta herrikoia da. Herrialdeak txandakatuta antolatzen dituzte eta Araban egingo dute aurtengoa. Bihar, zapatua, Aramaio izango da festarako gune.
Haizem@n elkarteak antolatuta
Euskal Herriko txoko askotatik etorriko diren albokariez gainera, txistulariak, trikitilariak eta musikariak izango dira. "Topaketa honen helburu nagusia musika-tresna horien musika eta ondarea zabaltzea eta indartzea da. Jaialdia erakusleiho aparta da, emanaldi tradizionalak zein gaur egungo musikaren arteko uztartzeak bistaratzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Otazun sortu baina Araba osoan lan egiten duen Haizem@n albokari elkarteak du aurten an- tolatzeko ardura, eta Aramaioko Udala izan du bidelagun. "Topaketa hau, bere txikitasunetik, euskal kulturaren osagai izatea nahiko genuke. Euskara jaiaren atal garrantzitsua baita, euskarak eta albokak aspalditik egin dutelako bidea elkarrekin".
Egun osoko plana
Gonbidatuei ongietorria egingo diete Aramaioko produktuekin osatutako hamaiketakoarekin –Iturrietako sagardoa eta sagar-zukua eta Kerixarako gazta–, eta 12:00etan Bixente Goikoetxea plazatik abiatuko dute kalejira. Kanpoko frontoi estalian bazkalduko dute, 14:30ean. Aurrez saldu dituzte txartelak, baina bihar ere salgai izango dira – helduentzako hamar euro eta haurrentzako bost euro–.
Sabela bete ondoren, topaketan bildutako musikarien bat-bateko joaldiez gozatzeko aukera izango da arratsaldean, eta, horrez gainera, Haizem@n albokari elkarteak eskainiko duen LA alboka bat zozketatuko dute segidan. Imaginaciones NAI konpainiak hartuko du lekukoa ondoren eta Tik-tak ikuskizuna eskainiko dute 18:00etan.
Horiek guztiak egin ondoren, musika saio gehiago izango da Alboka Eguneko egitaraua borobiltzeko; izan ere, 19:00etan hasita, Besaide, Ursaria eta Intxixu taldeen kontzertuak izango dira. Antolatzaileek gaineratu dute txosna bat jarriko dutela, non ogitartekoak izango dituzten salgai.