Eguzkierripa Rock jaialdia egingo dute bihar Aramaion, eta hamabosgarren ediziorako egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Azken bizpahiru urteetan kontzertuak bakarrik egin dituzte, baina, urteurren honetarako, bazkaria eta egun osoko egitaraua berreskuratu nahi izan dute. Hortaz, 12:30ean poteoa egingo dute, 14:30ean izango da bazkaria, 17:00etan pilota partidua eta 21:30ean kontzertuak.
Bazkaria aurtengo berritasuna izateaz gain, bazkaltzeko lekua ere nobedadea izango da, aurtengo honetan kanpoko frontoian egingo baitute. Bazkaria egin izan duten aldietan Andra Mari ermitan egin izan dute, baina aurten herrira lekualdatu dute. "Lehen, dena Andra Mari ermitan egiten zen, baina aurten aldatu egin dugu apur bat formatua, poteoa kalean egiteko eta bazkaria errazago antolatzeko eta kudeatzeko. Horregatik, herriko kanpoko frontoian egitea erabaki genuen", dio antolakuntza taldeko Beñat Arregik. Bazkarirako txartelen salmenta joan den domekan itxi zen, eta Arregik adierazi du 50 lagun batuko direla.
Bazkaria frontoian egingo dutela aprobetxatuz, bazkalostean pilota partidua jokatuko dute Karnik eta Asierrek Etxezarreta anaien kontra.
Kontzertuak protagonista
Unerik gorena kontzertuena izaten da, eta The Gominols, The Mindfucks, Xementerio, Rukula, Gorroto eta Coyunda & Ñacunda taldeek joko dute Andra Mari ermitan; sarrera doan da. "Eguzkierripa Rocken identitatearen parte da kultura dohainik eskaintzea herriko eta inguruko jendeari. Jaialdia martxan dagoen bitartean, mantentzeko gauza bat da", esan du Arregik.
Taldeen aukeraketaz galdetuta, esan du urtero saiatzen direla herriko edo inguruko taldeak eroaten, Eguzkierripa Rock jaialdiaren muina baita haiei aukera ematea publikoaren aurrean jotzeko. Hala ere, bailarakoa ez den talderen batek ere parte hartu izan du, eta aurten Ondarroako The Gominols eta Usurbilgo Rukula dira horiek.
Antolatzen jarraitzeko prest
Hamabost edizioen balorazio positiboa egin du Arregik, eta antolatzen jarraitzeko asmoz daude: "Giro polita egoten da. Etortzen den jendea eta musikariak ere gustura egoten dira. Antolatzen gabiltzanak gogotsu gaude. Espero dezagun hamasei baino gehiago egotea. Lehendabizi, ea aurtengoa zelan ateratzen den, eta baloratuko dugu hurrengoa egongo den".