Biharko eta egueneko arratsaldeak musikaz jantziko dira Aramaion, bi emanaldi antolatu baitituzte: maiatzaren 28an, Alaiak Kantuan taldeak emanaldia egingo du, arratsaldeko seietan, Sastiñako ermitan, kantu tailerreko ikasturteari amaiera emateko. Horren ondoren, kantu-jira egingo dute herrian zehar, akordeoiaz lagunduta.
Bestalde, maiatzaren 30ean, musika eskolako gitarra eta piano eskoletako 30 ikasle inguruk kontzertua emango dute. Musika irakasle Larraitz Arriolabengoak aurreratu du hamabi abesti interpretatuko dituztela, talde txikietan banatuta. 18:00etan izango da, kultur etxean.