Arabako bertsolari gazteek zita garrantzitsua izan zuten atzo Aramaioko kultura etxean. Adin tarte ezberdinetako bertsolariek oholtzara igotzeko aukera izan zuten. Gaztetxoek hasi zuten saioa, kuadrilla artekoarekin. Hiru talde osatu ziren: Gorbeialdekoa (6 lagun kamiseta urdinarekin), Lautadakoa (4 lagun kamista horiarekin) eta Gasteizkoa (7 lagun kamiseta beltzarekin). Aramaioarrak Gorbeialdeko taldean izan ziren, Legutioko bertsolariekin batera.
"Beraien mailara egokitutako ariketak inprobisatu behar izan zituzten" adierazi du Peru Abarrategi antolatzako kideak. 2 oinetan, 4 oinetan, amaiera eta 3 oin emanda, aurrekoak atzekoari kantari eta ofiziotan koplaka aritu ziren bertsolari gazteak. Azkenean, Gasteizko taldeak eskuratu zuen garaipena. "Oso giro polita egon zen. Gurasoak haurrak ikustera agertu ziren eta oso ondo joan zen dena" adierazi du Abarrategik. Jarraian, merienda bat egin zuten guztiek elkarrekin. Giro politean izan ziren bertsolari gazte, eta ez hain gazteak.
14-18 urte bitartekoen finala
19:30etan, luntxa amaitu eta nagusien saioa hasi zen. Sei bertsolari izango ziren oholtza gainean; tartean, bi aramaioar: Anitz Abarrategi eta Iraide Onaindia. Haiekin batera Hegoi Amabizka, June Astegieta, Samu Rodriguez eta Urko Lafuente gasteiztarrak izan ziren. Zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunak eta bakarkakoa izan ziren bertsolariek osatu beharreko ariketak.
"Saio azkarra eta entzungarria izan zen, oso txukuna. Ariketa batzuk ederrak izan ziren. Orokorrean oso pozik gaude" adierazi du Abarrategik. Azkenean, Hegoi Amabizkak lortu zuen garaipena. Honen atzetik gelditu zen Iraide Onaindia aramaioarra. Bi bertsolari hauek izango dira, horrenbestez, ekainaren 15ean Arantzan jokatuko den Euskal Herriko finalean kantuan.