Barajuen auzoko pilotaleku atzean horma-irudia margotu dute, auzolanean, Barajuenen bizi zen Juana Altuna emakumeari 1900. urtean ateratako argazkia oinarri hartuta. "Barajuenen bizi zen amandrea zen Juana Altuna, eta auzotar askoren ahaidea da. Seme-alabak izan zituen eta haiek beste baserri batzuetako bizilagunekin ezkondu ziren. Gutxi gorabehera, denok daukagu erlazioa harekin", dio murala egiten parte hartu duen Iban Astondoak. Auzoko amonei, amei eta emakumeei egindako omenaldia dela adierazi du, baita "historiak baztertuta" utzi dituen emakumeei ere.
Altuna lihoarekin haria egiten agertzen da irudian. "Lihoarekin egiten ziren hariak, izarak... Mitologia grekoarekin lotuta, Moirek bizitzaren hariak kontrolatzen zituzten, eta horrelako metamarrazki bat da", azaldu du Astondoak. Azkenik, Jose Migel Barandiaranen Izan zirelako gara eta garelako izango dira esaldia idatzi dute.
Auzolanaren emaitza
Pilotalekua morez margotu zuten udazkenean, auzolanean, eta orduan ikusi zuten murala egin duten hormak "zerbait eskatzen" zuela: "Murala jartzea ondo egongo zela pentsatu genuen. Batek aipatu zuen argazki hori zegoela, eta aurrerago egiteko utzi genuen". San Prudentzioko zubia aprobetxatu dute. "Zapatu gauean proiektorearen laguntzarekin profilak marraztu genituen horman. Domekan hasi ginen denon artean margotzen. Lau bat egunean egin dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet auzoko guztiei. Auzolanean egindako gauzek horrelako emaitzak ematen dituzte".