Aramaioko Lagunkoiak martxan jarri du osasun-zentroan oinarrizko zerbitzu jarraitua izateko sinadura bilketa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mai. 7a, 12:05

Aramaioko kontsultategia. (Artxiboko irudia).

Herriko osasun-zentroan mediku eta erizain zerbitzu jarraitua eskatzeko kanpaina da herritar taldeak abiarazi duena. Eskaera-orriak utzi dituzte udaletxean eta liburutegian aramaioarrek bete ditzaten. Eskaerak aurkezteko azken eguna maiatzaren 31 da.

Aramaioko kontsultategian oinarrizko zerbitzu jarraitua Osakidetzari eskatzeko sinadura-bilketa jarri du martxan Aramaioko Lagunkoia taldeak. Kanpaina honekin, osasun zentroan, mediku eta erizain zerbitzu jarraitua izatea eskatu nahi dute.

Horretarako, eskaera egiteko ereduak sortu dituzte euskaraz nahiz gazteleraz eta udaletxean zein liburutegian daude eskuragarri eta bete ostean, leku berean utzi behar dira, maiatzaren 31a baino lehen.

Nabarmendu dute, beharrezkoa dela norberak sinatu eta NANa eramatea. Ondoren, udaletxean edo liburutegian aterako dute agiriaren fotokopia eskaerarekin batera aurkezteko. Hala ere, ez da beharrezkoa norberak pertsonalki bere eskaera aurkeztea, hau da, beste pertsona bat joan daiteke.

Behin eskaera guztiak batutakoan, eta Arrasateko pazienteen arreta zerbitzuan entregatuko dituzte "ekintza bateratu batean".

Beharrak aztertu eta eskaerak egin

Herritar talde batek osatzen du Aramaioko Lagunkoia taldea eta bertako kideek adierazi dute herriko gabeziak, baina, batez ere, pertsona nagusien bizitza hobetzeko beharrak aztertzen dituztela eta kasu honetan, mediku zerbitzua hobetu beharra dagoela ikusi dutela: "Murrizketak egon direla ikusi dugu. Lehen ez bezala gaur egun mediku titularra falta bada, ez dute ordezkorik jartzen edo asteko egun kopurua murrizten dute, herritarrak Arrasatera jaistera beharruta gaude. Ez dago osasun,arreta jarraiturik".

Arazoa Aramaioko Udalean aurkeztu zuten, eta haren laguntzarekin, jarri dute martxan sinadura-bilketa. Herri txikietan geroz eta zerbitzu gehiago murrizten dituztela diote, baina espero dute osasun-zerbitzua hobetzea: "Espero dugu ahalik eta herritar gehienek parte hartzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak