"Irakurrin solasaldia 9 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendurik dagoen arren, Eskola herrira zabaltzeko ekintza bezala pentsatua dago, guraso, ikasle eta irakasleen rolak Eskolaz kanpo aldatu egiten dira eta horrela hobeto ezagutzeko aukera dagoelako" azaldu zuten Aitziber Aginagalde, antolakuntzan ibilitako gurasoak, eta Irati Pagoagak, Aramaio Eskolako irakasleak.
70 pertsonatik gora elkartu ziren atzo arratsaldean Aramaioko Eskolako aterpean, behin guztiak elkarturik, beheko parkera jaitsi eta taldetan banatuta Nerea Loiolaren 7G liburuaz aritu ziren; gogokoen izan dituzten pasarteak irakurri, liburutik gehien gustatu zaiena azaltzen... Liburuaren gaia ardatz hartuta antolatu zen solasaldi osteko afaria: "Liburua udalekuetako testuinguruan emanda, makarroiak prestatu ditugu afaltzeko".
Afari tematikoaren ostean, gazteenentzako "sorpresa" bat prestatua zuten: escape room-a. "Irakurri dugun liburua ez da edonolakoa, izan ere, gure esku dago gertatuko zaiguna. Liburuan zehar zenbait erabaki hartu behar dira, eta horrek liburuaren pasarte batera edo beste batera eramango zaitu, hori horrela izanda eta guztion gozamenerako, afari osterako bost escape room prestatu ditugu".
Maiatzaren 15ean
"Eskola bezala hutsune txiki bat gelditu zaigu, haur hezkuntzako umeekin eta LH lehen zikloko umeekin, horregatik maiatzaren 15ean hauei zuzenduta beste ekintza bat egingo dugu, Berba puxika", aurreratu zuten Aitziber Aginagalde eta Irati Pagoagak.