Hiru txirloko Arabako talde bakarra, Etxaguen auzoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko api. 13a, 10:02
Igor Ayastuy eta Kepa Etxebarria, Etxaguen auzoko bolatokian. (Argazkia: I.A.A.).

Urtebete ere ez du Etxango Txirluek Kirol Klubak, eta kideen helburua Euskal Herriko Txapelketa jokatzea da.

Hiru txirlotan jokatzeko bolatokia badute Etxaguen auzoan, eta, duela gutxira arte, festa giroan aritzen ziren. Orain, duela urtebete baino gutxiagotik, Etxango Txirluek Kirol Kluba daukate. Adin-tarte askotariko hamazazpi taldekide ditu eta gehienak lehiaketetan ibili gabekoak ziren. Horietako bi dira Igor Ayastuy eta Kepa Etxebarria aramaioarrak.

2022ko Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako azken jardunaldia Etxaguen auzoko bolatokian jokatu zen, eta, Ayastuyk azaldu duenez, orduan egin zieten taldea sortzeko proposamena: "Bina saio egin behar zuten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta azkena hemen izan zen. Eurekin jokatzen ibili ginen eta aipatu ziguten ea zergatik ez genuen kluba sortzen. Azkenean, animatu egin ginen. Horrela hasi ginen. 2023aren amaierarako sortu genuen hamar bat laguneko talde bat".

Azaldu dutenez, Arabako lehen taldea da hiru txirlo modalitatean: "Araban badaude beste bolo-talde batzuk, baina ez hiru txirlokoak". Hala, Euskal Herriko Txapelketan talde modura lehiatu ahal izango dira, baina ez orain jokatzen ari den Gipuzkoako Txapelketan: "Etxango Txirluek bezala ezin dugu jokatu, Arabako taldea garelako. Sartu behar dugu Aretxabaletako, Bergarako edo Elgetako taldeetan, jokatzeko. Hartuko dugu parte inguruko saioetan".

Ateak zabalik

Taldean sartzeko, kideekin jarri behar da harremanetan: "Neskak falta dira; animatu! Gutxiago dira, baina badaude oso jaurtitzaile onak. Etortzen dena ongietorria izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak