Joan den astean, ezohiko osoko bilkura egin zuen Aramaioko udalbatzak, eta puntuetako bat zen Palestinaren aldeko mozioa onartzea. Sei puntu zituen mozioak eta puntuz puntu bozkatu zuten, EAJk hala eskatuta.
EH Bilduk sei erabakien alde bozkatu zuen. EAJk onartu zituen Palestinan berehalako su-etena eskatzea, Espainiako Gobernuari Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko eskatu eta ematea ziurtatzea –betiere, langile humanitarioen babesa bermatuz– eta biztanleria zibilaren aurkako eraso guztiak salatzea, "NBEk gizateriaren aurkako krimenak amaitzeko eta zigortzeko behar dituen mekanismoak aktibatuz".
Israelgo Gobernuarekin harreman instituzionalak etetea eskatzen zuen erabakiaren kontra bozkatu zuen EAJk; baita "Eusko Jaurlaritzari eskatzea, Espainiako Gobernuari exiji diezaiotela [...] Israelekin lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak bertan behera utz ditzala" erabakiaren aurka ere. Beste bi puntuetan, puntualizazioak egin zituen EAJk.