Aramaioko Sastiñako ermita jendez lepo bete da gaur eguerdi aldera Idoia Asurmendiren bigarren lanaren aurkezpen ekitaldia jarraitzeko. 2021eko Ilun eta abar diskoaren ostean, atzo kaleratu zuen De amar y desandar diskoa eta lan berriaren nondik norakoen berri eman du musikariak herrikideen aurrean.
Hala, azaldu du oraingo honetan kontzeptu baten inguruan landu duela diskoa: zortzi abestik osatzen dute, eta bakoitza oroitzapen baten inguruan mintzo da. Beti errazak izan ez diren momentuetan ondoan izan dituenak ere izan ditu gogoan bai gaurko aurkezpenean eta baita diskoan ere.
Azalpenak ematerakoan, gainera, alboan izan du hainbat momentutan Maria Oses arrasatearra, diskoan agertzen den Autofikzioa abestiaren letra idazteaz gain, Miau taldeko kide moduan disko fisikoaren diseinuan ere parte hartu duena. Hain zuzen ere, Autofikzioa izan da Idoiak gaur Sastiñan jo duen disko berriko lau abestietako bat; Sarearena, Calma eta Un último baile bajo el aguacero izan dira besteak. Eta aurkezpena borobiltzeko, aurreko diskoko Hitzetan ere abestu du bertaratu direnen laguntzarekin.
Gaur Aramaiora joan ezin izan duenak ez du asko itxaron beharko idoia berriz ere agertokietan ikusteko: apirilaren 13an hasiko du Eibarren disko berria aurkezteko bira Eibarren.