Domeka honetan parte hartuko dute Kurtzeta Gain plater tiroketa elkarteko Koldo Jauregik, Iker Jauregik, Enrike Ullibarriaranak, Juan Luis Nafarratek, Oskar Arrizabalagak eta Aitor Abarrategik Gallartan jokatuko den mini foso (MF) modalitateko Euskadiko Kopan. Lehiaketa 25 plateretara izango da eta finala beste 25etara jokatuko dute sail- kapen orokorrean lehen sei postuak eskuratzen dituztenek.
Otsailean, denboraldia hasi berritan, jokatu zen Euskadiko Plater Tiroketa Txapelketa, eta orduko eta domekako emaitzen kontaketa hartzen da kontuan, eta puntuazio onena dutenek lortuko dute beka Espainiako Txapelketara joateko. Juan Luis Nafarratek adierazi du domekan Gallartara doazenek ahalik eta tiraldirik onena egitea dutela buruan: "Ea zortea daukagun".
Denboraldiko erronkak
Azken bi urteetako Arabako plater tiroketako irabazlea da Kurtzeta Gain elkartea, eta aurten ere badute asmoa parte hartzeko. "Kanpoko lehiaketetara joaten ez denak parte hartu ohi du eta 8-10 kidek osatutako taldea osatzen dugu", dio Nafarratek. Bospasei saio egiten dira hainbat herritan –tartean, Aramaion–. Halaber, iaz Gipuzkoako Txapelketan ere hartu zuten parte eta irabazi egin zuten. Aurten ere izena eman dute.
Bestelako txapelketa edo lehiaketetan ere hartuko dute parte; esaterako, Irungo San Martzialgo tiro-eremuaren inaugurazioko saioan, martxoaren 24an.
Jarraipena, kolokan
Nafarratek gaineratu du plater tiroketan oso gazte gutxi izaten direla eta beterano kategoria geroz eta beteagoa dagoela: "Aramaion gazterik ez dago. Iker dago, baina… Jende gehien hartzen duena beteranoena da, eta Espainiako Federazioak aldaketa egin du. Kategoriaren gutxieneko adina 60 urtetik 65era aldatu du".