Bi lagunen elkarrizketa batetik sortu zen Oletako Sagardo Eguna antolatzeko ideia, Oletari "bizia emateko eta jendeak parte hartzeko" helburuarekin. Iaz egin zuten lehendabiziko aldiz, eta aurten izango du jarraipena. Egun osoko egitaraua osatu dute eta, besteak beste, herri kirolek eta musikak izango dute lekua bazkariarekin batera.
Eguerdian, 12:00etan, emango zaio hasiera Sagardo Egunari Luis Polanco, Ramiro, Claudia eta Kimetz aizkolarien erakustaldiarekin. Ondoren, 13:00etan pintxo potea egingo dute txalaparta, alboka eta trikitixaz lagunduta. 15:00etan izango da bazkaria.
Horren ostean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, herri musika antolatu dute. Antolatzaileen esanetan, lehen egiten zen moduko erromeria bat izango da: "Baffle batetik garai bateko musika jarriko dugu. Lehengo erromeria-dantzaldia egingo dugu Oletan". Azkenik, eguna biribiltzeko, Otxandioko Txino Musik Selektor-ek jarriko du musika 19:00etatik gauerdira bitartean.
Bazkarirako izen-ematea
Sagardoa izango da protagonista nagusia eta Aramaioko Iturrieta Sagardotegitik ekarriko dute. Bazkaria antolatzerako orduan, berriz, Euskal herriko errezeta tradizionalak berreskuratu nahi izan dituzte eta horretarako, tokiko produktuez baliatutako menua osatu dute. Oletako Herriko Tabernan egingo dute bazkaria eta 50 lagunendako lekua dago bazkaltzeko –gaur, astelehena, 40 lagun izena emanda daude–. Bazkaltzera joan nahi duenak 945 09 72 54 telefono zenbakian, Oletako Herriko Tabernan, egin beharko du erreserba. Bazkariaren prezioa 35 euro da.