Martxoaren 8an 'Emakumeak* lurraren defentsan' Aramaion

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 4a, 15:46

Martxoaren 8rako aldarrikapen, dantza eta kantuek osatutako egitaraua prest du Aramaioko Talde Feministak. Aramaioko Udalak ere antolatu du egitaraua M8aren bueltan datozen egunetarako.

Iazko martxoan Aramaion izandako topaketa feministan egindako Emakumeok* lurraren defentsan, desazkunde ekofeminista eta dekoloniala adierazpen testua herritarrei zabaltzeko ekitaldia antolatu du Aramaioko talde feministak M8rako. 19:00etan aterako dira kalejiran, kultur etxetik, eta 19:15ean egingo dute ekitaldia, plazan, gaia lantzeko bideo, abesti eta dantzekin. Ondoren, 20:00etan, kalejira egingo dute, plazan hasita, eta, poteo-musikatuaren ostean, afaria egingo dute Añai tabernan, 21:30ean. Afarirako erreserba 658 70 80 87 zenbakian egin behar da martxoaren 5a baino lehen.

Adierazpen testuan, krisi ekosozialari aurre egiteko analisi eta proposamenak jaso zituzten, desazkunde "ekofeminista eta dekolonialean" oinarrituta. Desazkundeaz galdetuta azaldu dute gizartea zoriontsu izan daitekeela gutxiago ekoiztu eta kontsumituta: "Enplegua, dirua, lana eta denborarekiko harremana berrantolatzeko unea da, bizitza duin baterako ditugun benetako beharrak kontuan hartuta, bizitzak hurbileko eta txikiago den eskalara ekarriz. Erosi-erabili-bota dinamika gelditu eta konpondu-berrerabili-partekatu ahal izango dugun ereduak bultzatu".

Ekofeminismoari dagokionez, sistema ekonomiko eta politikoa emakumeen zapalkuntzaren eta doako lanaren bizkar mantentzen dela diote, eta naturarekin gauza bera egiten dela: "Feminismoak bizitza eta zaintza erdigunean jartzeko aldarrikapena egiten du, eta horri gehitu nahi diogu, gizakiak interdependenteak garela eta naturarik gabe ez dagoela bizitza posiblerik". Gainera, Hegoalde globaleko herriekin gizarteak "zor historikoa" duela diote, eta egun, ongizate sistema "beste herri batzuetako lagunen eta naturako baliabideen esplotazioan" oinarritzen dela.

Askotariko ekintzak Udalaren egitarauan

Datozen egunerako adin ezberdinei zuzendutako askotariko ekintzak antolatu ditu Aramaioko Udalak. Lehena, martxoaren 8an izango da eta lau urtetik gorakoek Ederra naizela diote ipuinaz gozatu ahal izango dute kultur etxean, 18:00etan. Horren ostean, izango da Aramaioko Talde Feministak antolatu duen kalejira eta bat egin du Udalak.

Martxoaren 10ean, berriz, Bertha Gaztelumendi (kazetaria eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoaren UNESCO Katedran ikerlaria) eta Rosa Zufiak (Komunikazio zientzietan lizentziatua) Arnasa betean-emakume zinemagileak dokumentala aurkeztuko dute. Aurkezpena 18:00etan izango da kultur etxean.

Martxoaren 12an, 18:00etan, kultur etxean, Hizkuntza ideologiak: hizkuntza praktiken eta botere harremanen arteko erlazioak hitzaldia emango du Miren Artetxek. Azkenik, martxoaren 24an, Entre nosotras filma izango da ikusgai Ikusiz-Gozatu elkartearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak