Agirrek finalerako txartela lortu du eta bigarren sailkatu da Abarrategi lehen finalerdian

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ots. 24a, 21:42

Manex Agirre eta Peru Abarrategi gaurko saioan.

Arabako bertsolari txapelketako lehen finalerdia jokatu dute sei bertsolarik Aramaioko kultura etxean egindako saioan. Manex Agirrek lortu ditu puntu gehien, finalerako txartela eskuratuz. Bigarren sailkatu da Peru Abarrategi.

Bi aramaioarrek, Manex Agirrek eta Peru Abarrategik, hartu dute parte gaur jokatu den lehen finalaurrekoan. "Gustura" egin dute kantuan biek eta eurak izan dira, gainera, lehen bi sailkatuak. Agirre, honen bestez, heldu da finalera, eta Abarrategik hurrengo zapatuan jakingo du Gasteizen kantatuko duen edo ez.

"Beste txapelketetan askotan ez bezala", Manex Agirrek aitortu du "hasieratik oso zentratuta eta gustura" ibili dela gaurko saioan: "Disfrutatu egin dut ofizioetan eta puntuko erantzunetan. Bakarkako saioarekin arantza geratu zait, ez dudala asmatu uste dut eta hor behera egin dudala, baina oso pozik nago egindako lanarekin, bai". Bera izan da, hain zuzen ere, gaurko saioko txapelduna, puntu gehien lortu dituena (372), eta ondorioz, finalerako txartela lortu duena.

Datorren zapatuan, martxoak 2, izango da bigarren finalerdia Dulantzin. Hango txapelduna ere finalean lehiatuko da eta gainerako lau finalistak bi finalerdi hauetan lortutako puntuen arabera sailkatuko dira. Peru Abarrategi izan da puntu gehien lortzen bigarrena (365,5) , eta gainerakoen puntuazioen arabera helduko da finalera. Bera, baina, pozik dago gaurko saioarekin: "Saioa bera, orokorrean, polita izan zela esango nuke eta ni gustura gelditu naiz neuk egindakoarekin. Finalari begira, berriz, Manexek ez bestiok datorren zapatura arte itxaron beharko dugu eta hemengo bertso eskolako kideak kantatzen dutenez hara joango gara animatzea eta han jakingo dugu nortzuk kantatuko duten finalean".

Hauxe da gaurko saioan aritu diren bertsolariek lortutako puntuazioa:

  • Manex Agirre: 372 puntu.
  • Peru Abarrategi: 365.5 puntu.
  • Iñaki Viñaspre: 354 puntu.
  • Unai Anda: 337 puntu.
  • Eli Zaldua: 331.5 puntu.
  • Ekaitz Samaniego: 305 puntu.

Dulantzin eta Gasteizen

Bigarren finalerdia martxoaren 2an jokatuko dute Dulantzin. Hiru aramaioar izango dira han kantuan: Paula Amilburu, Xabi Igoa eta Aitor Ugarte. Eurekin batera lehiatuko direnak: Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi eta Izar Mendiguren.

Finala Gasteizko Printzipal antzokian izango da martxoaren 16an. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak