Otsailaren 24an Aramaion –Kultur etxea, 17:30– eta martxoaren 2an Dulantzin –Kultur etxea, 17:30– jokatuko dira Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak eta horietan erabakiko da zeintzuk arituko diren txapel handia lortzeko lehian. Atzoko final-laurdenean erabaki ziren zeintzuk diren sailkatuak, hiru kanporaketetako puntuazioaren hurrenkeran osatu baita finalerdien zerrenda.
Aramaioko saioan parte hartuko dute Peru Abarrategi eta Manex Agirrerekin batera Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre eta Unai Anda. Martxoaren 2an, berriz, Xabi Igoa, Aitor Ugarte eta Paula Amilbururen txanda izango da eta beraiekin izango dira oholtzan Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi eta Izar Mendiguren.
Bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera arruntak 10 euro balio du; Bertsozale elkarteko bazkideek zazpi eurotan eskuratu dezakete sarrera, eta 6-18 bitarteko gazteek doan.
Atzoko final-laurdenak emandakoa
Atzo arratsaldean jokatu zuten hirugarren eta azken final-laurdena Laudion eta Iñaki Viñaspre nagusitu zen 263 punturekin. Martin Abarrategi bosgarrena izan zen atzo, 233,5 punturekin eta ez du lortu finalaurrekoetarako txartela. Hauxe da atzoko sailkapena:
Iñaki Viñaspre: 263 puntu
- Asier Otamendi: 251,5 puntu
- Unai Anda: 251 puntu
- Izar Mendiguren: 241,5 puntu
- Martin Abarrategi: 233,5 puntu
- Felipe Zelaieta: 214,5 puntu