Ane Arexolaleiba eta Paula Amilburu dira Bertxoko sariketako lehen finalistak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urt. 13a, 11:15

Atzo jokatu zen Bertxoko sariketako lehen kanporaketa Aramaioko Zabola auzoko elkartean. Publikoaren iritziz Ane Arexolaleiba eta Paula Amilburu aritu ziren ondoen. Hala, urtarrilaren 26an Gasteizen jokatzekoa den finalerako sailkatu dira.

Ordubete pasatxoko bertso saioa izan zen eta hogei bat lagunen aurrean egin zuten bertsotan hiru bikotek: Iraide Onaindia-Xabi Antia, Ane Arexolaleiba-Paula Amilburu eta Gari Arexolaleiba-Martin Abarrategi. Nabarmentzekoa da sei bertsolaritik bost izan zirela aramaiorrak, Aramaion jokatutako kanporaketan.

Askotariko ariketak eta gaiak jarri zizkieten bertsolariei. Bakarka, binaka eta hirunaka egin zuten bertsotan. Objektu baten bueltan edota Firts Dates –Lehen Zitak– saioan ere jarri zituzten gai-jartzaileek. Bertso saio umoretsua izan zen eta aukera polita jendaurreko emanaldietan trebatzen ari diren bertsolari gazteendako.

Amilburu eta Arexolaleiba finalera

Publikoak erabaki zuen zein bikote bidali urtarrilaren 26an Gasteizen jokatzekoa den Bertxoko sariketako finalera. Paula Amilburu eta Ane Arexolaleiba sailkatu dira eta sariketako beste bi kanporaketak jokatu bitartean finala prestatzeko aukera izango dute. Hurrengo kanporaketa Baranbioko Garrastatxu elkartean jokatuko da hilaren 14an, eta hirugarrena Aguraingo Latsarri gaztetxean hilaren 19an.

Hala Bedi Irratiak antolatzen du Bertxoko sariketa Arabako Bertsozale elkartearekin elkarlanean. Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, bueltan da aurten eta lehen kanporaketaren inguruko balorazio positiboa egin dute Hala Bedi Irratikoek. Saio "ganberroak eta informalak" aurreikusten zituzten, eta lehenengoa horrela joan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak