Gabonetako egitarauaren barruan, Lagun Artean dantza taldearen dokumentala iragarrita dago. Abenduaren 30ean estreinatuko dute ikus-entzunezkoa, 30 minutu inguru irauten duena. 67 urte dituen dantza taldearen ibilbidea jaso dute, elkarrizketa eta irudi bidez. Maitane Gomez de Segurak azaldu du aspalditik zutela dantza taldearen ibilbidea jasotzeko asmoa, eta, bide batez, omenaldi sinbolikoa egiteko dantza taldea sortu zutenei eta urte hauetan guztietan bizirik mantendu dutenei. "Udaletik dirulaguntza jaso genuen ikus-entzunezkoari forma emateko", dio Gomez de Segurak.
Bada, urte hauetan guztietan dantzari izan direnak, irakasle izan direnak... Ahots horietako batzuk jaso dituzte ikus-entzunezkoan.
Ahotsen bilketa
Orain dela hiru urte hasi ziren grabazioarekin. Mikel Serrato aramaioarrak grabatu eta editatu du lana eta Rosa Mondragonek egin ditu elkarrizketak. Elkarrizketatu dute dantza taldearen sortzaile izan zen Ramon Ormaetxearen alaba Izaskun; Mertxe Mondragon; Patxi Aiastui txistularia; Juan Mari Urizar; Ibon Kortabarria; egungo irakasle Oihane Vicente; Ainara Inuntziaga... Elkarrizketak irudiekin janzteko, garai bateko argazki zaharrak erabili dituzte, eta baita azken urteetan egindako dantza erakustaldietako bideoak ere. Azken irudiak orain dela hilabete eskas grabatu zituzten.
Taldearen ibilbidea jaso dute, batetik; baita taldea bultzatu dutenen lana omendu ere. Gainera, ikus-entzunezkoak erakusten du taldeak izan duen bilakaera; besteak beste, dantzarien janzkeran ikus daiteke hori, eta baita koreografietan ere