Domekan izango da Euskararen Eguna. Bada, Aramaioko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu eguna ospatzeko. Gaur, astelehena, Euskararen Eguneko online lehiaketa hasi dute. Egunero egingo dute bi galdera, abenduaren 1era arte. Eguerdiko 13:00ak arte egongo da galderak erantzuteko aukera. Galdera bat euskara edo oro har hizkuntzei buruzkoa izango da, eta bestea, Common voice eta Gaitu kanpainari buruzkoa. Galdera bakoitzak lau erantzun posible izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Azaroaren 28an, martitzena, hitzaldia egingo dute kultura etxean, 18:30ean: Common Voice: teknologiarekin euskaraz komunikatu ahal izateko auzolan digitala.
Kantu bazkaria
Trikikalejira elkarteak antolatuta kantu bazkaria egingo dute zapatuan, abenduaren 2an. Lehenengo kalejira egingo dute tabernen inguruan, 13:30ean; eta, 14:30ean, kantu bazkaria egingo dute Barajuengo Koskoltegi elkartean.
17:30etik 19:30era bitartean Jolas molaz jolasak izango dituzte txikitxoek kultura etxean.
Abenduaren 3a
Azken urteetako ohiturari eutsiz herri lasterketa egingo dute abenduaren 3an. 12:00etan irtengo dira plazatik eta ondoren photocall-a, luncha eta amenizazioa egongo da.
Arratsaldean, 16:00etan, partxis lehiaketa egingo dute Sastiñan, Txirritola euskara elkarteak antolatuta.
Adimen artifiziala
Abenduaren 4an, astelehena, hitzaldia egingo dute kultura etxean, 18:30ean: Adimen artifizialak lagundu ahal dosku euskararen jatorrira hurbiltzen?