Emakumeenganako Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute plazan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko aza. 24a, 16:05

Artxiboko irudia.

Aramaioko Udalak deituta bihar egingo dute elkarretaratzea; gainera, domekan zineklub feminista zikloa izango dute.

Bihar, zapatua, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Eguna izango da. Bada, Aramaioko udalak kalera irteteko deia egin du. Hala, bihar, zapatua, 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Aramaioko plazan.

Horrez gain, Udalak indarkeria matxistarik gabeko jendartea eraikitzeko duen konpromisoa berretsi du. Ondoko adierazpen instituzionala argitaratu du Udalak:

"Azken urteotan aldaketa handiak gertatu dira emakumeen eta gizonen arteko harremanetan. Hala ere, aurrerapenak aurrerapen, desberdintasun-egoerak sustraituta daude gure jendartean, errepikatzen eta betikotzen diren jarrerekin eta testuinguru horretan kokatzen dira ematen diren mota guztietako eraso matxistak.

Jendarte-arazo honen benetako garrantzia zifra ofizialetan islatzen ez bada ere, horiek aipatu behar ditugu, herritarrak sentsibilizatzeko eta bizi dugun larrialdi-egoera islatzeko. Satevik (Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimentzako Telefono bidezko Arreta Zerbitzuan), adierazi du genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren inguruko 1.830 dei jaso dituela orain arte, 2022an baino % 10 gehiago. Gainera, indarkeria jasaten duten emakume haurdunengandik jasotako deien igoeraz ohartarazi du; zehazki, 230 dei erregistratu dira guztira 2023an. Era berean, ezin dugu ahaztu, Euskal Herrian 2003tik 121 emakume eta 11 adingabe erail dituztela, horietako 4, 2023an. Zifra horiek egoera orokorraren zati txiki bat baino ez dute islatzen; izan ere, emakume askok oraindik ez dituzte arreta, prebentzio, eta salaketa-baliabideak eskuratzen, eta, beraz, kopuruak are handiagoak izan daitezkeela suma dezakegu.

Gaineratu behar da, hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.

Egoera horren aurrean, Aramaioko Udalak konpromiso hauek hartu ditu:

  1. Prebentzio, sentsibilizazio eta arreta-zerbitzuek indarkeria matxistaren aurrean funtzionamendu eta erantzun ona ematen dutela.
  2. Indarkeria sufritzen duten emakumeak entzutea prebentzio eta segurtasun-neurriak diseinatzeko, baita ahalduntze prozesuak abian jartzeko.
  3. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio eta prebentzio-lanarekin jarraitzea, bereziki gazteenekin.
  4. Aldizka, indarkeria matxistaren biktimei, banakakoei zein kolektiboei, errekonozimendua eta babesa emateko ekitaldiak egitea: emakumeen erresistentziaren memoria berreskuratzeko azterlanak; omenaldi-ekitaldiak; emakumeen memoria eta kontakizunak jakinarazteko jardunaldiak; sentsibilizazio-tailerrak, eta abar.
  5. Aramaioko Mugimendu feministako ordezkariekin, Iturzuri emakume elkartearekin eta Aramaixo Herri eskolarekin lankidetza sakontzea.

Aurten, herriko eragileekin batera honako ekintzak antolatu dira:

  • Azaroak 18: 19:00etan, kultur-etxean, Dígame antzezlana.
  • Azaroak 23: 18:00etan, kultur-etxean, Nola kudeatu pornoa familian hitzaldia.
  • Azaroak 26: 18:30etan, kultur-etxean, El acusado pelikularekin zineklub feminista.

Aramaioko Udalak, herritarrak azaroaren 25ean goizeko 12:00etan Bizente Goikoetxea Plazan deituta dagoen kontzentrazioan parte-hartzera animatzen zaituzte".

Zineklub feminista

Domekan, 18:30ean, El acusado filma botako dute eta ondoren, mugimendu feministak dinamizatuko du saioa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak