Euskaraz lan egiteagatik jasandako erasoak ez direla eten adierazi du Aitor Montes medikuak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 21a, 19:25

Aitor Montes medikua.

Azken adibidea egunotan gertatu zaiola salatu du, Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzutik gaixoari alta euskaraz zergatik eta zertarako eman zion galdezka deitu ziotenean. Aramaioko Udalak eta Euskara(z) Sendatu taldeak ere gertaera salatu dute.

Lana euskaraz egiteagatik jasaten ari den "erasoa" oraindik ez dela eten salatu du egunotan Aramaioko mediku Aitor Montes Lasartek. Sare sozialetan adierazitakoaren arabera, lan dokumentuak euskaraz idazteagatik kargu hartu diote Osakidetzako zenbait langilek, mediku batek eta espezialista batek, eta azken erasoa egunotakoa izan dela dio, Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzutik dei bat jaso duenean gaixoari alta euskaraz zergatik eta zertarako eman dion galdezka. Zuzendaritzara deitu duela dio Montesek, laguntza eske, baina "berarekin hitz egin dutela" erantzun diotela; "Berriro ere, lasai, ez dela berriro gertatuko. Inpunitate osoz". Ordutik bajan dago Aitor Montes eta Aramaion ez dute medikurik.

Aramaioko Udalak gertaera salatu du, Montesi horrelako gertaera bat gertatzen zain lehen aldia ez dela gaineratuz.  Zerbitzu publikoek "euskararen erabilerari bide emateko betebeharra" dutela, ere badio Aramaioko Udalak gai honen harira egindako adierazpenean eta dio "ezin direla onartu tankera  honetako jazarpenak gure berezko hizkuntza erabiltzeagatik". Gaineratu du Udalak bere bideak jorratuko dituela egoera salatzeko eta bat egingo duela honen aurrean antolatuko diren ekintzekin. Era berean, egoera konpondu bitartean, haren ordezkoa ahalik eta azkarren ekartzeko lanean jarraituko duela ere jaso du oharrean. Euskara(z) Sendatu taldeak ere gertaera salatu du sare sozialen bidez eta dio bat egiten duela Aitor Montesen eskaerekin: ordezko medikua bidaltzea Aramaiora, ospitaleko zuzendaritzaren adierazpen publikoa euskaraz egiteko eskubidea babestuz eta jazarpena salatuz, eta langile horien idatziko barkamen publikoa.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak